GARA Euskal Herriko egunkaria
F LIGA

Lezamako magia baliatuz, derbiko hiru puntuak poltsikoratu ditu Athleticek

Eizagirrek Realaren gola sartu zuen lehen zatiaren amaieran, baina Azkonak atsedenaldiaren aurretik eta Amezagak azken minutuetan sartutako golek markagailua irauli zuten. Derbiak 3.000 zale bildu zituen Lezaman, sarrerak agortuta.

Amezagak, zelaian minutu eta erdi zeramala, sartu zuen zuri-gorrien garaipenerako gola, partidaren azken txanan. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Reala derbien jabe izan da azkenaldi honetan, baina azken bi urtean San Mamesen jokatu ondoren, Lezamak hartu zuen berriro atzo partida eta, bere zelaiko magia aprobetxatuz, Athleticek hiru puntuak poltsikoratzea lortu zuen. Harmailak gainezka zeudela -2.925 zale barruan eta sarrera barik geratu ziren hainbat, kanpoan-, donostiarrak aurreratu ziren lehen zatiaren amaieran, baina Azkonaren eta Amezagaren golek buelta eman zioten markagailuari, dinamikak luzatuz: zuri-gorriek etxean jokatu dituzten hiru partidak irabazi dituzte eta Realak ez du punturik lortu etxetik kanpo jokatu dituen hiru neurketetan.

Presio handiagorekin ekin zion Athleticek derbiari Vila-Realen gertatutakoaren ondoren, eta David Aznarren erabakietan eta zuri-gorriek partidari ekin zioten intentsitatean nabaritu zen. Bost aldaketa -horien artean Quiñonesen itzulera eta eskuin hegalaren berritze osoa Elexpuru eta Azkona errekuperatu ondoren- sartu zituen Talaverako entrenatzaileak, bide batez Maite Zubietaren posizioa aurreratuz euste zelai-erdia eraikitzeko eta Nerea Nevadori ezker hegal osoa emanez. Realaren aldaketak kontinuistagoak izan ziren, Eibarren kontra lortutako garaipenaren babesa baitzeukan... baita Euskal Herria Koparen arantza ateratzeko gogoa ere.

Baina bi esperientzia horiek kontuan izanda ere, ezin izan zuen saihestu etxekoen hasiera indartsua eta lehen minutua bete aurretik, Vanegasek langaren azpitik atera behar izan zuen baloia Nerea Nevadok jaurtitako kornerrean. Oraingoan, hala ere, markagailua hutsean mantentzea lortu zuen eta, gainera, berehala sendotu zuen urratsa, estutasuna arinduz eta Quiñonesengana hurbilduz. Amaiur ezustean harrapatzen saiatu zen, baina bere erremateak sarearen kanpoaldean amaitu zuen.

Talde biak ahalegindu ziren oreka apurtzen eta hurrengo minutuetan Athleticek menderatu zuen jokoa, aukera garbi bakarra lortu bazuen ere, baina atsedenaldia gerturatzen ari zela Realak hartu zion lekukoa aurrera joanez. Eta asmatuz. Landaluzek Amaiurren aukera paregabea eragotzi zuen eta bi minutu beranduago Emmak partidan aurreneko aldiz igo zuen area pareraino eta haren erdiraketa Nerea Eizagirrek bihurtu zuen 0-1ekoa markagailuan.

Poz iragankorra Realana, zuri-gorriak amorratu eta atsedenaldia heldu aurretik berdindu baitzuten, Azkonak Marianaren pasea burukada dotore batekin errematatu zuenean.

HASIERA IGUALA

Lehen zatiaren hasiera bera izan zuen bigarrenak: erreboluzionatuta zelairatu ziren etxekoak eta susto bat hartu zuten kanpokoek hasi bezain laster, Marianak Landaluzeren oldarra aprobetxatzerik izan ez bazuen ere. Berriro ere oso goian presionatzen zuen Athleticek eta bere aurkariak senperrak ikusi zituen baloia atzetik ateratzeko orduan. Baina oraingoan ere azkar erreakzionatu zuen Natalia Arroyoren taldeak eta bost minutuan heldu zen bere erantzuna, kontraeraso arriskutsu batekin.

Intentsitate hori mantentzea ezinezkoa zen, are gehiago dagoeneko bigarren zatia izanda, eta partida baretu eta oreka fase berri batean sartu zen, tarteka alde bietakoak apurtzen saiatzen baziren ere, aurkariari beldurra gorputzean sartzeko asmoz.

Entrenatzaile biek begiratu zuten aulkira, behartuta Aznarren kasuan Mariana lesionatu baitzen, baina ez zirudien berdintasuna hausteko modurik zegoenik. Behintzat azken txanpan Athleticek, indarrak hobeto kudeatuta edo, azken aurrerapausoa eman zuen arte. Partidaren amaiera sumatzen zen ordurako eta, Clara Pinedoren abisu serio baten ondoren, Nahikarik luzatu, Azkonak erdiratu eta zelaian minutu eta erdi besterik ez zeraman Amezagak baloia errematatu zuen, behin betiko 2-1ekoa sartzeko.