GARA Euskal Herriko egunkaria

Guggenheim Urdaibai Stop-ek dei egin die «arduratuta dauden herritarrei»

Kulturgileen, talde ekologisten, feministen, sindikatuen eta alderdi politikoen atxikimendua jaso du Guggenheim Urdaibai Stop herri plataformak datorren larunbatean, hilaren 28an, Gernikan egingo duen manifestazioak. Martxa zaratatsua izango da, entzungor egiten ari diren erakunde eta alderdiek entzun dezaten.

Manifestazioarekin bat egin duten hainbat herritar eta eragile gerturatu ziren, atzo, Astrara, babesa ematera. (Raul BOGAJO | FOKU)

Larunbatean, hilak 28, 18.00etan abiatuko da Gernikako Pasealekutik Gernika Urdaibai Stop plataformak deituriko manifestazioa. Bukaera, herria zeharkatu ondoren, Foruen plazan. «Egitasmo honekin arduratuta» dauden herritar guztiak deitu dituzte manifestaziora; Busturialdeko herritarrei ez ezik, «eskualdea maite duten guztiei» ere gertura daitezela eskatu zieten atzo Gernikako Astran egin zen prentsaurrekoan. Bigarren eskaera bat ere egin zuten: ahal den neurrian, garraio publikoa erabiltzea, larunbatean aparkatzea ez baita erraza izango. Asteburu “mugitua” espero da Gernikan, protestara etorriko direnez aparte, festa giroa izan ohi delako urriko azken asteleheneko azokaren atarian.

Kezka, haserrea, mesfidantza... Urdaibai natura-erreserbaren erdian eta Gernika eta Murueta artean eraiki nahi den Guggenheim “bikoitzaren” proiektuak mota guztietako sentimenduak sortzen ditu ingurune horretan: «Turismo-azpiegitura handi horren eraikuntzak Urdaibairen osotasun ekologikoari eragingo lioke, eta ez hori bakarrik: haren esentzia ere arriskuan jarriko luke. Behar pribatu bati soilik erantzuten dion inposizio hutsa da, eta ez dator bat erreserba babeste duten lege, itun eta araudiekin, ezta jasangarritasunerantz hurbiltzeko desiragarria den gobernantzarekin ere», zioen atzo argi Guggenheim Urdaibai Stop plataformak.

Guggenheim Fundazioak Bizkaiko Aldundia, Lakua eta Madril bidelagun dituen arren, plataformaren hitzetan, «horrek ez du ezelan ere esan nahi proiektu publiko bat denik edo guztion onura kontuan hartuta sortu duenik».

«GERNIKAKO ARBOLAREN AURKA EGITEA BEZALA DA»

Eneritz Artetxe gernikar aktoreak ahotsa jarri zion manifestazioaren deialdiari. Inguruko kulturgile asko legez -Eñaut Elorrieta eta Gatibuko partaideak ere sinatzaileen artean daude-, proiektu honekin kritikoa da oso: «Kulturaren izenean, kultura ez den zerbait egiten ari da berriz ere. Nik sentitzen dut inposaketa handi bat dela eta nire inguruan ikusten dut jende guztia ez dagoela ados honekin, eta ez dela kontsultatu, ez da informaziorik eman eta ez da gardentasunik egon. ‘Por mis ovarios’ egiten ari dela dirudi, bai ala bai egingo dela esan baitute. Eta ez dira konturatzen Urdaibairekin sartzen ari direla, gure bihotzarekin. Gernikako arbolarekin sartzea bezala da. Beste alde batetik, ni kultur eragilea naiz eta ez naiz batere identifikatzen eurek kultura deitzen dioten kontzeptu horrekin. Kultura izena jartzen zaio, baina azkenean ez da kultura, eta sormenetik gutxi du».

Edorta Jimenez idazlearen liburu guztietan dago Urdaibai. Manifestaziora zergatik joango den galdetu genion: «Proiektu hau errespetu eza da, ingurunea ez ezagutzea, gure bihotzak urratzea da. Esango nuke agintarietako askok ez dutela Murueta ezagutzen, ez herria ez gunea. Eta ez dakit inoiz Dalian edo inguruan egon diren. Niretzat urteetan pasealekua izan da. 1995. urtean hasi nintzen, lehenik anaiarekin eta gero beste lagun batzuekin, Urdaibai itsasontziz erakusten. 2017an utzi nion, jubilatu nintzenean. Beraz, izan dira 30 urte, eguraldi guztiekin, egoera guztietan, lekua ikusten itsasoaz eta abar... ezin da sinetsi, ez dago hitzik».

Javier Etayo, “Tasio” marrazkilaria, ere kritiko ageri da. Manifestaziorako egin diren kamiseten egilea da -berak egindako bineta koloretsu eta adierazgarria erabili dute-, eta sutzen duena «lehenik eta behin, sekretismoa da: inork ez digu ezer esan, informazioa tantaka ateratzen ari dira. Engainatzen gaituzte. Ez digute egia esaten: hau jendaurrean aurkeztu behar da ekitaldi areto batean, eta proiektua azaldu». Eta museo berri batek ez lioke bizitza emango eskualdeari? «Bilbon bat badago, zertarako nahi dugu beste bi hemen? Susmoa daukat aspaldidanik pentsatutako plan bat dela: ingurua hiltzen utzi, desindustrializatzea, hau logela-eremua bihurtu, eta gero, guztia basamortu gisa dagoenean, etorri eta salbatuko gaituztela esatea».