GARA Euskal Herriko egunkaria

Oso «cool»


Neuk ere nahi nuke “coolago” izan, benetan. Behin eta berriro saiatuta ere, ez dut lortu, ordea. Adibidez, jende “cool” oso gutxi ikusiko duzue ‘‘Ardo’’-ren emanaldietan; bere janzkera, jarrera eta elkarrizketa “coolen” erakustaldiak egiten, graziak jotako batek, soilik, graziak jotako beste bati erakusten dion adeitasunaren aleak banatzen.

Ziur nengoen ardozaletasuna oso “coola” zela, eta izango genuela hortik nondik heldu, baina, usteak erdi ustel, arruntasun herrikoiaren putzuan gabiltza berriro. Dena dela, ez diot utzi amesteari “cooltasunak” ematen duen maila intelektualaren abantailekin, eta haietaz, azkenean profitatzeko egunarekin.

Horrela, besteak beste, jende “coola” etorriko litzateke emanaldietara, hedabide eta tertulia “cooletan” aipatuko gintuzkete, sarao “cooletara” gonbidatuko gintuzketa, leku “cooletan” joko genuke, transzendentalismo glamurosoaren eztiak dastatuko genituzke, eta, alajaina, koartada edukiko genuke egiten dugunaren gaineko usteak puztu eta autoestimuari estrogeno dosi ederra sartzeko. Bai, halaxe da, daitort, maite zaituztet, gure emanaldietara etortzen zareten: nekazari, irakasle, bulegari, artzain, tabernari, igeltsero, elektrizista eta garbitzaileak. Baina… ez zarete oso “coolak”. Pertsona bikainak? Bai, noski. Gustu onekoak? Jakina. Eskuzabalak? Nola ez. Pazientzia handikoak? Ez dago bi aldiz esan beharrik.

Baina gutxi daukazue zuek “cooletik”, eta neuk “coolagoa” izan nahi nuke, horrela, zuek ere, gu entzutera etortzeagatik, “coolagoak” izan zintezten. Ez horregatik.