GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Jon Ander Peña finalerdietan izango da lehen aldiz, Artola menderatu ostean

Aurrelari tolosarra 20-22 nagusitu da Beotibarren eta Peio Etxeberriaren aurka neurtuko ditu indarrak datorren larunbatean Gasteizen.

Peña, garaipena ospatzen, azken tantoa dejada eder batekin lortu ondoren. (Gorka RUBIO | FOKU)

Jon Ander Peña Lau eta Erdiko Txapelketako finalerdietan izango da bere ibilbidean lehen aldiz. Aurrelari tolosarrak 20-22 menderatu zuen atzo Iñaki Artola, ia erabat bete zen bere herriko Beotibar pilotalekuan, eta Peio Etxeberriaren aurka jokatuko du datorren larunbatean Gasteizen finaleko txartelaren bila.

Oso neurketa parekatua izan zen Tolosakoa hasieratik amaierara arte, baina Peña finago aritu zen azken txanpa erabakigarrian eta hortxe egon zen gakoa. Izan ere, oso gutxitan gertatzen dena ikusi genuen Tolosan: dirua pare-parean irten zen eta neurketa aurrera joan arren apustuek ez zuten kolore bat edo beste hartzen, kantxan zegoen berdintasunaren seinale. 8-8kora arte, adibidez, zazpi berdinketa egon ziren markagailuan.

Hortik aurrera, egon ziren partzial esanguratsu batzuk. Peña izan zen lehen abantaila aipagarria hartu zuena bost tanto segidan eginda (8-12). Partidan lehen aldiz sakearekin min egiten asmatu zuen eta horrek errematerako aukerak ekarri zizkion. Aipatutako bost tantoak berak eginak izan ziren, zaleen zoramenerako.

Baina 12. tantoko atsedenaldiak ez zion batere mesederik egin, eta aldageletan sartzea erabaki zuen Artola indarberrituta itzuli zen kantxara. Erasokorrago jokatuz, alegiarrak festara batu nahi izan zuen eta zortzi tanto egin zituen erreskadan (16-12).

Artolak zabalera bidalitako gantxo batek eman zion sakea berreskuratzeko aukera tolosarrari, eta behin markagailua parekatuta, norgehiagoka tentsioz betetako azken txanpa erabakigarrian sartu zen.

Ez zen akats askoko neurketa izan, ezta gutxiago ere, baina Artolak garesti ordaindu zituen azken txanpa horretan egin zuen pare bat opari. Aipagarriena agian 17-17ko berdinketarekin txapapera bidali zuen aukerako pilota. Eta hurrengo tantoan ere ez zuen asmatu alegiarrak: atzera jotako pilota bat pasatzen utzi eta barruan egin zuen botea.

Gai izan zen Iñaki markagailura berdinketa bat gehiago igoarazteko, sakez egindako bere hirugarren tantoarekin iritsi baitzen 20-20koa. Azken biak, ordea, Jon Ander Peñarentzat izan ziren, azkena txokoan egindako dejada bikain batekin lortua, gainera.