GARA Euskal Herriko egunkaria

Jasone Osorok bere lehen saiakera liburua aurkeztu du, «Arrakasta»

Atzo goizean aurkeztu zuen bere lehen saiakera liburua Jasone Osoro idazle elgoibartarrak, «Arrakasta» izenburua duena. Bizitzan arrakasta izan duten hamaika lagun elkarrizketatu ditu, eta hari horri tiraka zortzi ataletan antolaturiko «mataza» bat sortu duela kontatu zuen aurkezpenean. Arrakasta lortzeko eta ulertzeko hiru zutabe ere identifikatu dituela esan zuen: autoezagutza, aliantzak eta borondatea; hirurak lotuz lortzen omen da.

«Arrakasta» liburua aurkeztu zuen atzo Osorok. (FOKU)

 

«Zer da arrakasta?», galdetzen du Jasone Osorok atzo aurkeztu zuen lehen saiakera liburuan. “Arrakasta” du izenburua, eta Osororen arabera, hitz berri bat ez den arren, momentu batean «bere gorputza» hartu zuen kontzeptua da, eta hortik abiatu zen bilaketa. Definizioaren bilaketan 11 elkarrizketatu izan ditu lagun, eta horiekin izandako solasaldietatik abiatuta ondu du zortzi ataleko liburua.

Bidaia eta bilaketa horretan Joxemari Agirretxe “Porrotx” pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Izaro Andres musikaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo kazetaria, Maider Egues kazetaria, Jon Garaño zine-zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria izan ditu ondoan.

Arrakasta «polisemikoa, malgua, bizia…» dela azaldu zuen, eta liburua osatu ostean hiru zutabek osatzen dutela, bere ustez: autoezagutzak, aliantzak eta borondateak. Batetik, esan zuen argi izan behar dela zeintzuk diren norberaren «ametsak, desirak eta mugak», eta horien baitako oreka bat bilatzean datzala autoezagutza. Aliantzari dagokionez, inguruan nor dugun begiratu beharra dago, idazlearen arabera, «nor dugun ispilu, nor itsasargi, nork bultzatzen gaituen, nork hitz egin zintzo…». Eta, hirugarrenik, eta zuzenki beste biei lotuta, borondatea dago; galdera bat egin behar dio nork bere buruari, idazlearen ustez; «zer egingo dut daukadan guzti honekin?».

Egindako elkarrizketetan zein irakurritako testuetan, bi arrakasta mota ere bereizi zituen: kanpokoa eta barrukoa. Lehendabizikoa, kanpo begiradek sortutakoa, «kuantitatiboa, errentagarritasunarekin lotua dena, produktibitatearekin…»; eta barrukoa, aldiz, ongizatearekin lotuta dagoena, autoestimuarekin eta ilusioarekin. «Batak bestea elikatzen du, baina barrukoa da niretzat garrantzitsuena», aitortu zuen atzo egindako aurkezpenean.

 

SORKUNTZA KRISIA

Arrakastarekin lotura zuzenik ez duen egoera batetik abiatu zen liburu honen arra Osororengan. «Sorkuntza krisi bat bizitzen ari nintzen, ez nekien zer idatzi, blokeatu egiten nintzen… eta pentsatu nuen ‘hau denei gertatzen zaie?’, eta sorkuntzan dabilen jendeari galdetzea erabaki nuen. Baina bizitzak batzuetan beste helduleku batzuk ematen dizkizu, eta sorkuntza eta krisiaren gainetik arrakastaren ideia gailentzen hasi zen nire pentsamenduetan», kontatu zuen.

Elkarrizketatuak lotzeko unea abiatu zen gero; arrakasta ezagutu duen jendearen zerrenda egin zuen; bere harridurarako, batek izan ezik, denek erantzun zioten baietz. Baldintza bakarra jarri zien protagonistei: «Ausartak eta zintzoak izatea, egiatik hitz egitea». Eta elkartu baino lehen gidoi bat bidali bazien ere, «tertulia» baten modura planteatu zuen ariketa. Haurtzaroaz hitz egiteko eskatu zien, bakoitzak kritikak nola kudeatu dituen kontatzea, porrota ea ezagutu duten…. «jendearen esperientzia bitala» jaso nahi zuen, azken batean.

HAMAIKA IDEIA, ZORTZI ATAL

Idazle elgoibartarrak onartu zuen ez zaiola langintza arrotza egin, kazetaritza ikasi baitzuen eta kazetari lanak ere ezagun baititu; «kazetari sena badut, jendeari galderak egiteko gogoa badut», esan zuen. Eta kafe baten edo garagardo baten bueltan egin zituen elkarrizketak, bere bizipenak, minak eta beldurrak ere kontatuz, eta aurrez jasotako aipuak, liburuak eta hausnarketak txertatuz.

Zortzi atalek osatzen dute liburua; izan ere, elkarrizketatu bakoitzaren elkarrizketa ez du bere horretan jasotzen, ez zuen hori nahi. Gaika multzokatu zituen, eta antzeko gaien inguruan batzuek zein besteek zuten iritzia jaso zuen. Haurtzaroa, izaera, aliantzak, kritikak, sabaiak, sormena, porrota eta arrakasta dira zortzi gai nagusiak.

Saiakera liburuak helduen literaturarekin lotu ohi direla esan zuen Osorok, baina gazteentzat egokia izan daitekeela uste du: «17-19 urteko gazteentzat pista asko egon daitezke, beraien idolo diren horien bizipenak jasotzen direlako».

«ORGANIKOA ERE BADA»

Maider Egues lagun mina du; lehendabiziko elkarrizketatua izan zen bera, eta nolabait esan daiteke berarekin hasi zela esperimentua. Baina elkarrizketatua izateaz gain, Egues azaleko argazkiaren egilea ere bada. Osorok kontatu zuen azalak «ez duela zerikusirik barrukoarekin» izatez, baina aurki daitezkeela loturak ere. Natura hil bat ageri da, «arrakasta organikoa ere badelako» batetik, eta bestetik, ederra iruditu zitzaiolako; «gustatzen zait azal erakargarriak izatea liburuek, irakurlea harrituko dutenak», adierazi zuen. Liburuan aipatzen den Clara Peteers XVIII. mendeko natura hilen margolariaren istorioak ere badu lotura azalarekin.