03 NOV. 2023 KOLABORAZIOA EITBko zuzendaritzari: Israel eta Hamasen arteko guda? Aritz ARRIETA OBESO Ez dakit merezi ote duen gaiari buruz gehiago idazteak, alde batetik egunkari honetan esan beharrekoak esan dituztelako lantegi horretan ni baino askoz ere trebeagoak direnek, eta, bestetik, hitzak hain gastatuta diruditen honetan, batzuetan esanahia ere galduta edo lausotuta duten honetan, askotan boterearen mertzenarioek nahita esanahia aldrebesturik… nahiz eta badiren oraindik esanahia galdu ez dutenak: ghetto, garbiketa etnikoa, sarraskia, hipokrisia, eta abar. Baina batzuetan hitzek eta zenbakiek hain abstraktuak dirudite errealitate gordina eta ezina azaltzeko orduan… 3.000, 4.000, 10.000 hildako… Hain hotza eta urruna irudi dezake zifra batek, kontrara hain konkretua eta aldi berean mugagabea den aita edo ama baten mina eta inpotentziaren ondoan, bere haurraren gorpua besoetan duela puskatutako panpina bat bailitzan. Nola azaldu hitzekin pertsona horiek sentitu behar dutena? Ez babesik ez ihesbiderik eman ezin izan dietenean beren haurrei? Zer esan, guk guzti hori geldiarazteko ezinean? Baina niri etengabe galdera bat datorkit burura, teleberriak ikustean edo gaur goizean akordeonista ilustrea irratian hizketan entzun eta gero; eta gustura botako nizkieke hari eta EITBko zuzendaritzari aurpegira erraiekin batera: «Israel eta Hamasen arteko gerra» esaten diozue horri eta segidan hildako umeen gorpuen irudiak ikusten dira: 3.000, 4.000… Haur horiek denak Hamasekoak al ziren? Hamaseko guztiak noizbait haur izandakoak dira, beraz haur guztiak Hamasekoak izango dira. Euskal Herrian antzeko zerbait esaten zuten, hortik zetorren Lehendakaris muertos-en abestia: «¿Dónde se esconden las pistolas? En los pupitres de las ikastolas». Hori silogismo merkea dela bistan da, baina kontuz: agian sakonean sionistek eta haien konplizeek pentsatzen dute ghetto batean hazitako pertsona bat, miseriazko eta umiliaziozko baldintzetan bizi izan dena, dena ebatsi diotena, erlojudun bonba bat izan daitekeela. Israelgo segurtasun buru izandako batek esana du: «Palestinarrek itxaropenik ez duten bitartean, Israeldarrek ez dute ez bakerik ez segurtasunik izango». «Edo guzti-guztiak garbitu arte», pentsatzen du Netanyahuk. Baina hau idatzi eta gero, mugarik gabeko Jesus Gonzalezi irakurri diodan bezala, ziur aski gertatzen dena da ongi kalkulaturiko gerra estrategia baten aurrean gaudela. Etsaia deshumanizatzeko oso ongi diseinatutako gerra estrategia baten aurrean: alde batetik, Israel, legezkoa den estatu bat, ordenazko nazio bat, Europaren antzekoa, guztia txukun, bere hildakoen berri detaile guztiak dakizkigunak, haien izenak, argazkiak… gizakiak. Eta, beste aldetik, ez Palestinar Herria baizik eta Hamas deituriko munstro kuadrilla odolzalea, estralurtarrak balira bezala edo ezerezetik agertu balira bezala, pertsonak hiltzea beste helbururik ez dutenak. Palestinar Herriaren izena ere ezabatu nahi dute. Horrek argi erakusten du noren konplizea den EITB-ko zuzendaritza, beti bezala kapitalaren eta boteretsuen morroi ustela. Orain arte norbait konturatu ez balitz bezala. Baina ez dute ez Palestinar Herriaren izena ez izana ezabatuko. Boikota Israeli. Palestina askatu. Ez dute ez Palestinar herriaren izena ez izana ezabatuko