GARA Euskal Herriko egunkaria

Gasteizko Parlamentua ere, euskararen kontrako oldarraldiaren aurka

EAJk eta EH Bilduk adostutako mozio batekin, Gasteizko Legebiltzarrak Gobernuari eskatu dio, euskararen aurkako oldarraldiaren aurrean, «dituen bitarteko juridikoak» erabiltzeko, «indargabetutako artikuluen legezkotasuna defendatuz». Bien botoei esker, Ganberak bat egin zuen biharko Kontseiluak deitutako mobilizazioarekin.

Tokiko erakundeetan ere ari dira biharko manifestazioari babesa agertzen: atzo, Barakaldoko udal langileek egin zuten. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Gasteizko Legebiltzarrak bat egin du «euskararen aurkako oldarraldia salatzeko» Bilboko kaleetan larunbat honetan Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako mobilizazioarekin.

EH Bilduk eta EAJk adostutako mozio batez, Legebiltzarrak Lakuari eskatu zion «179/2019 dekretuaren defentsa egin dezala, indargabetu diren artikulu horien legezkotasuna defendatuz», eta «bere gain dituen bitarteko juridikoak eta Justiziaren esparruak ematen dituzten aukera guztiak» erabil ditzala.

Elkarrekin Podemos abstenitu egin zen. PSE, PP, Vox eta Ciudadanosek kontra bozkatu zuten.

Zentzu berean, «hemendik aurrera ere normalizazio eta biziberritze politikak garatzeko» eskatu dio Parlamentuak Iñigo Urkulluren Gobernuari, eta «EAEko sektore publikoko erakundeek herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko beharrezko duten babesa sakondu dezala».

Eskaerak ez ziren Lakuara mugatu, eta erakunde publiko guztiei «orain arte emandako beren eskumeneko zerbitzuak herritar guztien hizkuntza eskubideak bermatze aldera» erabiltzeko eskatu zieten. Udalei, «herritarrengandik gertuen dauden administrazioak izanik», exijitu zieten mantendu dezatela «azken 40 urteetan egin duten lana, eta adierazi duten konpromisoa».

EZTULA, SINTOMA GISA

«Eztula. Eztula gauza askoren sintoma izan daiteke: katarroarena, gripearena… Covidarena ere izan zitekeela ikasi genuen. Eta, orain, eztula nahasmendu mental baten sintoma ere badela ikasi dugu: euskarafobiarena», adierazi zuen EH Bilduko ordezkari Jasone Agirrek, mozioa aurkeztean, Urkulluk Familia Enpresaren Institutuaren ospakizunean, Felipe Borboikoaren aurrean, pairatu zuenaren harira.

Agirrek azpimarratu zuen «dagoeneko, euskararen aurkako 15 sententzia daudela» eta hori «ez dela kasualitate bat», esan zuen, baizik eta «ondo antolatutako ekinaldi bat, oldarraldi bat». Era berean, sistema judizial espainolaren mende egotearen ondorio gisa ikusten du EH Bilduko ordezkariak. «Guk geuk erabaki dezakegu hemen zeintzuk diren joko arauak, baina gero Espainiako sistema judizialeko epaile batek interpretatuko ditu, batez ere bere ideologiatik». Hizkuntza politika «indartsuak eta ausartak» eskatu ditu Agirrek.

Aitor Urrutia EAJko legebiltzarkidearen aburuz, aipatutako dekretuan euskarari buruzko artikuluak baliogabetzeko auzitegiek hartutako erabakia «beldurraren epaia da».

Izan ere, «euskararen esparruan aurrera egiten jarraitzea planteatzen den bakoitzean, euskararen normalizazioa gaztelania desagertuko den beldurrarekin aurkitzen da, eta hori ez da horrela, gaztelaniak osasun oso ona duelako. Ez dakit euskarari buruz gauza bera esan dezakegun».

LAKUA EZ DOA

Bestetik, Lakuak aditzera eman zuenez, ez du ordezkaririk bidaliko euskalgintzak deituta larunbatean Bilboko kaleak zeharkatuko dituen manifestaziora.

EAJk, EH Bilduk eta Sumarrek martxara joango direla baieztatu diete antolatzaileei (ez aldiz Podemosek), eta Javier Arakama Euskarabideko zuzendari gerentea ere bertan izango da, Gobernu nafarraren izenean, bai eta udal erakundeetako eta sindikatuetako kideak ere.

Ostegun honetan, baina, Jaurlaritzako iturriek baieztatu zuten ez direla larunbat honetako mobilizazioan izango. Gasteizko Gobernuko iturriek Europa Pressi adierazi ziotenez, «Eusko Jaurlaritza ez da manifestazioetara joaten, eta orain ere ez du egingo».