GARA Euskal Herriko egunkaria

Nafarroako finalerako hiru bertso jauzi: Altsasu, Agoitz eta Lesaka

Nafarroako Bertsolari Txapelketa urtaro berrian sartuko da asteburuan, finalaurrekoen sasoian. 18 bertsolari lehiatuko dira, abenduaren 2ko finalean izango diren zortzi lekuen miran.

Iruritan jokatutako saioan Sarai Robles gailendu zen. Hurrena, Altsasun arituko da Robles. (NAFARROAKO BERTSOZALE ELKARTEA)

Nafarroako Bertsolari Txapelketak koska bat gora egingo du asteburuan. Finalaurrekoak abiatuko dira eta Altsasun jokatuko da lehena bihar, larunbatez. Guztira 18 bertsolarik lortu dute txapelketaren bidean aurrera egin eta finalaren atarira iristea. Hiru finalaurreko jokatuko dituzte, bakoitzean seina bertsolarik; eta irabazlea zuzenean sailkatuko da abenduaren 2an Iruñean jokatuko den finalera. Gainerako finalistak puntuazioaren arabera erabakiko dira.

Finalaurrekoetan hamalau gizonezko eta lau emakumezko arituko dira kantuan. Txapelketan abiatu ziren sei emakumeetatik lauk lortu dute aurrera egitea. Txapelketaren komunikazio arduraduna den Ander Perezen hitzetan, «oraindik arrakala nabari da. Elkartearen zeharlerro garrantzitsuak dira parekidetasuna eta feminismoa, eta lan handia egiten da esparru guztietan. Emaitzak politak dira, bai bertso eskoletan, bai beste ekintzetan ere, baina egia da txapelketan kostatzen dela gehien». Txapelketa da seguruen ekitaldirik bistakoena eta horretan kostatzen da, hain justu, emakumeak lehen lerroan ikustea. 2021eko finalean Saioa Alkaiza izan zen emakume bakarra zortzi finalisten artean, eta berak jantzi zuen txapela.

BELAUNALDI ALDAKETA

konstante bat izaten ari da Nafarroako Txapelketan azken urteotan. Ez da bat-batean gertatzen den aldaketa nabarmen bat, baina bai edizioz edizio txapelketa blaitzen duen joera bat. Aurten, adibidez, lau parte hartzaile berri izan dira, eta horietatik bik lortu dute finalaurrekoetara salto egitea: Eki Mateorenak eta Beñat Astizek. Mateorena leitzarra da (2005), eta Astiz, barañaindarra (2004). Batek zein besteak bide oparoa osatu dute eskolarteko txapelketetan eta haize freskoa ekarriko diote txapelketari, galtzeko gutxi eta irabazteko asko duenaren zapatetatik.

Kantukide izango dituzte txapelketan eskarmentu handia daukaten bertsolariak eta Nafarroako txapelaren epela zer den badakiten zenbait.

OSATU BEHARREKO ARIKETAK

aldatuko dira fase berri honetan. Finalaurrekoetan bertsolari bakoitzak hamabost bertso puntuagarri osatu beharko ditu. Binaka, gaia emanda, zortziko handian abiatuko dute saioa, hiruna bertso; ondoren binaka, gaia emanda, zortziko txikian hiruna bertso; hamarreko txikian segituko dute, binaka hemen ere, hiruna bertso. Eta aldaketa laugarren ariketan etorriko da: binaka, gaia emanda, zortziko txikian puntutan aritu beharko dute, zortzi bertso osatu arte.

«Hau da berritasun handiena, orain arteko txapelketetan -azken garaikoetan behintzat- ez da inoiz ariketa hau egin. Normalean ganbarako ariketan erantzuten zituen bertsolariak puntuak, baina aurten desberdin egingo da», azaldu du Perezek. Beraz, azken ariketan, ganbarakoan, bakarkako lana bakarrik osatu beharko du bertsolariak. Segur aski berritasun honek presentzia dauka bertsolarien entrenamenduetan.

BERTSOZALEEN ALDETIK HARRERA GOZOA

izaten ari da txapelketa. Orain arteko plazak dotore joan dira, eta finalaurrekoetan antzeko bidea espero da. Lesakako azken finalaurrekorako sarrerak, adibidez, dagoeneko salduta daude. Altsasurako sarrerak badaude oraindik. Hitzordua bihar, 17.30ean, Iortia Kulturgunean.