GARA Euskal Herriko egunkaria

EZUSTEKOA EMATEKO BI HAUTAGAI SENDO DIRA LEIRE GARAI ETA GOIURI ZABALETA

Master Cupeko Lau eta Erdiko txapelketa hasiko da gaur. Hamasei pilotari ariko dira txapela nork jantziko. Arrizabala eta Aldai dira faborito nagusiak, baina zenbait hautagai daude ezustea eman dezaketenak. Horietako bi dira Leire Garai eta Goiuri Zabaleta. Aldarte onean daude biak, eta helburu dute «jokoz ondo aritzea».

Ezkerreko irudian, Leire Garai, Hiru Hiribuak txapelketako finaleko une batean. Eskuineko irudian, Goiuri Zabaleta, San Fermineko finaleko tanto bat ospatzen. (Iñigo URIZ - Monika DEL VALLE | FOKU)

Amaia Aldai-Olatz Arrizabalaga finala saihesteko bi hautagai sendo dira Leire Garai (Gasteiz, 2003) eta Goiuri Zabaleta (Leitza, 2009). Aldarte onean daude biak: gasteiztarra Hiru Hiriburuak binakako txapelketako txapeldunordea izan zen, Irati Zabalarekin batera; eta leitzarrak San Fermineko binakako txapelketa irabazi zuen, Enara Gaminderekin, Arrizabalaga eta Oses 17-22 mendean hartuta -iazko Master Cupeko binakako txapelketa azken horiek irabazi zuten-. Gaur hasi eta abenduaren 17an amaituko den txapelketan ezustekoa ematen saiatuko dira biak. Nafarrak bide luzeagoa izango du kaiolako finalera iristeko, final-zortzirenetan sartzeko kanporaketa jokatu behar baitu Miriam Arraizaren aurka, datorren igandean. Arabarra, berriz, final-zortzirenetan da, eta Arrate Bergara edo Beitiaren aurka jokatuko du hilaren 17an.

Garairi eta Zabaletari Lau eta Erdikoa gehien gustatzen zaien modalitateetako bat da. Leitzarrak badaki «oraindik oso gaztea» dela -14 urte besterik ez ditu-, eta «indarra falta» zaiola, baina uste du kaiolako txapelketan egin dezakeela «min gehien»: «Ongi sentitzen naiz, badakit partida gogorrak tokatzen zaizkidala, baina jokoarekin banago eta gauzak ondo ateratzen bazaizkit, txapelketan aurrera egiteko, behintzat, ikusten naiz». Bide beretik, Garaik ere «ondo» ikusten du bere burua, eta atzean utzi ditu udan izandako eskuko minak: «Udan nahiko txarto ibili naiz eskuetatik. Pixka bat sufritu egin dut, baina orain ondo nago; gogotsu entrenatzen, eta ilusioz. Nire helburua izango da ondo iristea bai fisikoki bai mentalki, nire ehuneko ehuna emateko».

BINAKAKOAN, EMAITZAK ALDE

Zabaletak eta Garaik esan dezakete, binakakoan bada ere, Arrizabalaga mendean hartzea lortu dutela, eta leitzarraren kasuan, baita Aldai ere. Udako San Fermin txapelketan Zabaletak, Gaminderekin batera, Garai-Zabala bikoteari irabazi zieten. Hori «sekulakoa» izan zela nabarmendu du 14 urteko pilotariak, eta finalean Arrizabalaga-Oses garaitzea, «ezustekoa» izan zela. Garaik ere, Arrizabalaga-Erasun bikotea gailentzea lortu zuen Hiru Hiriburuak txapelketako finalerdietan, Zabala bikote zuela. Finalean, ordea, ezin izan zuten Aldai-Bergararekin: «Egin genuena inork ez zuen espero. Finalerdietan Olatzi [Arrizabalaga] eta Erasuni irabazita, pronostikoa gure kontra zegoen erabat. Oso gustura geratu nintzen, uste dut duela asko ez nuela hain ondo jokatzen, bai defentsan, bai erasoan. Finalean, hasieran pixka bat pilotalekuari neurria hartu ezinik ibili ginen. 22-20 egin genuen, eta, behintzat, gertu geratu ginen. Lanak eman genizkien».

Gasteiztarrak final-zortzirenak gainditzea lortzen badu, final-laurdenetan Arrizabalaga izango du aurkari. Horren harira, Garaik adierazi du Lau eta Erdikoan aldagai asko sartzen direla: «Frontoi batzuk beste batzuk baino biziagoak dira, pilotak ere bai... Ikusi beharko da. Badakit zaila dudala, baina ez da ezinezkoa. Orain joko mailaz ondo nago, konfiantzaz, eta sorpresa emateko gai sentitzen naiz. Bera [Arrizabalaga] faboritoa da, eta nik ez dut ezer galtzeko; dena ematera aterako naiz». Leitzarrak ez dio koadroari erreparatu ere egin. Kanporaketa pasatzen badu, final-zortzirenetan Madalen Etxegarai eta final-laurdenetan Gaminde izango ditu. «Gutxienez ez zaizkit Amaia eta Olatz tokatu», esan du Zabaletak, eta, gaineratu, hala eta guztiz ere, «aurkari gogorrak» izango direla: «Gaminde atzelaria da eta Lau eta Erdian agian ez da oso eroso sentituko, baina hala ere badaki dejada bat botatzen, eta ezkerra ederki eramaten du. Madalen [Etxegarai] aurrelari oso fina da, eta pilota mugitzen daki».

AURREKO KOADROETAN, ABILAK

Aurkarien jokatzeko moduaz gain, haien jokoaz ere mintzatu dira Garai eta Zabaleta. Gasteiztarrak adierazi du aurrean tantoak bukatzea gustatzen zaiola. Leitzarrak, bere aldetik, esan du gehienbat dejadak botatzea eta tantoa nahastea gustatzen zaiola: «Indarrean ez naiz asko izanen, baina uste dut nire jokoa hau dela: pilota nahastea, mugitzea, dejadak egitea... denetarik pixka bat».

Buruz buruko txapelketan duten helburuaz galdetuta, Garaik adierazi du xedea irabaztea dela, baina, emaitzez harago, joko mailaz gustura egotea izango dela: «Jokoz ondo aritu nahi dut, bai gorputzez, bai mentalki. Ahalik urrunen iristen banaiz, hobeto». Zabaletak ez du ikusten bere burua «oso faborito», eta adierazi du helburua ez dela izango irabaztea, baizik eta ikustea «hor dagoela»: «Gutxienez joko onarekin ibili nahi dut. Lehenengo partida irabaztea, bai, esango nuke helburutzat dudala».