GARA Euskal Herriko egunkaria
URTEBETE PRESIDENTETZARAKO HAUTESKUNDEETARAKO

AEBetan bozketa eguna gaur, begia 2024ko presidentzialetan dutela

Azaroko lehen asteartea hauteskunde-eguna da AEBetan. Urte bikoitietan egon ohi da interes handiena, iaz «midterm», alegia, agintaldi erdiko bozketa izan zen, eta urtebete barru presidentea hautatuko dute. Aurtengo bozketek ez dute horien oihartzunik, baina badira arreta berezia duten lekuak herrialdean, etorkizun hurbilean eragina izan baitezake bihar bozkatzen dutenak.

(Megan JELINGER | AFP)

Egia esan, Estatu Batuetako hauteskunde-makineria ia etengabe dago olioztatuta, eta orain bertan Alderdi Errepublikanoan urtarriletik aurrera egingo dituzten primarioek pizten dute inte-resik handiena. Hala ere, gaurko bozketak ere piztu du ikusminik. Izan ere, bertan erabakitzen denak datozen hamabi hilabeteetan estatubatuarrek hautatuko duten presidentearen eta gobernuaren eraketa baldintza lezake.

Zenbait estatutako ordezkari politikoak hautatzeaz gain, abortua eta beste zenbait gairi buruzko galdeketak ere egingo dituzte gaur. Hala, Kentucky, Louisiana eta Mississippi estatu kontserbadoreek gobernadoreak hautatuko dituzte, eta baliteke demokratek ezustekoren bat ematea. Arreta handiagoa dago Virginiako bozketan, han aurten gobernadorea hautatzen ez bada ere. Glen Youngkin errepublikanoa duela bi urte iritsi zen kargura, ezustekoa eman eta demokratei agintea kenduta. Afganistango porrotak eta pandemia osteko inflazioak Joe Bidenen onarpen-maila oso behean zeukaten garai hartan, eta hautagai errepublikanoak ondo jakin zuen egoera baliatzen.

Urte erdi beranduago, baina, Dobbs iritsi zen, abortu-eskubide konstituzionala ezabatzen zuen Auzitegi Gorenaren ebazpena. Youngkin gobernadorea kontuz ibili da beste estatu kontserbadore batzuen urratsei ez jarraitzeko Virginian, herritarren zati handi bat Washington hiriburuaren inguruan bizi den biztanle progresistak direla jakinik. Hala, erabateko debekuaren ordez, abortua 15. astera mugatzea proposatu du. Gaurko boto-paperetan ez dago gobernadorea aukeratzea, egun demokraten esku dagoen Senatua baizik. Errepublikanoek bereganatuz gero, Youngkinen proposamenak errazago egin lezake aurrera. Horrekin batera, bere figura itzel indartuko luke, errepublikanoentzat oso berezia den une batean: inkesta guztien arabera, Trumpek ez dauka aurkaririk primarioetara aurkeztu direnen artean, baina datozen hilabeteetan nabarmen konplikatuko zaio egoera judiziala eta, ondorioz, politikoa. Horren aurrean, oraindik primarioetako hautagai ere ez den lider errepublikanoren bat beharko dutela aipatu izan da, eta Youngkin balizko zerrenda horretan goi-goian dago. Duela hilabete batzuk bere burua lehiatik kanpo kokatu bazuen ere, gerora prest egongo litzatekeela iradoki izan du Virginiako gobernadoreak.

ABORTUAZ ERREFERENDUMA.

Ohioko Kongresuak ia erabateko debekua ezarri dio abortu-eskubideari haurdunaldiko seigarren astetik aurrera. Gaia auzitegietan dago, eta gaur- gaurkoz debeku hori bertan behera utzia dago. Hau da, oraindik ere haurdunaldia etetea posible da 22. astera arte, baina ziurgabetasun handia dago, edozein unetan badaezpadako neurria eten eta debekua indarrean sar litekeelako.

Horregatik, emakumeen erabakitze eskubidearen aldeko elkarteek sinadura bilketa hasi zuten urte hasieran, abortu-eskubidea konstituzioan txertatuko duen galdeketa bat eskatzeko. Gaur bozkatuko dute eta, inkestek dioten bezala, baietza gailentzen bada, estatu horrek eskubide konstituzional gisa onartuko du abortua. Hau da, ezingo lukete debekatu estatuko legebiltzarretan gehiengo errepublikano edo antiabortista egonda ere.

Swing-state tipikoa izan da Ohio historikoki, hauteskunde batzuetan demokrata eta beste batzuetan errepublikano bozkatu ohi zuen estatu industriala izanik. 2016ko Donald Trumpen garaipenetik, baina, eskuinerantz egin du nabarmen bozketaz bozketa, eta errepublikanoak nagusitu izan dira azken urteotan.

2022ko ekainean Auzitegi Gorenaren erabakia iritsi zenetik mota askotako galdeketak egin dira abortuari buruz, eta estatu kontserbadore zein aurrerakoietan, abortu-eskubidearen aldekoek eskatzen zuten botoa gailendu da.

Beste galdeketa batzuk ere izango dira. Ohion bertan marihuana legeztatu nahi duten erabakiko dute. Duela urte batzuetako jarrera legeztatzaileen lekuan, joera mugatzaileagoak nagusitu izan dira azkenaldian. Bestalde, Texasen ere zenbait aldaketa proposatu dituzte konstituzioan.

Aparteko interesa dauka, halaber, Maineko galdeketak: herritarrek argindar konpainia publiko bat nahi duten ere hautatuko dute. Ekimenak egun zerbitzu hori ematen duten -eta herritarren kexa asko jaso ohi duten- Central Maine Power eta Versant konpainien aurka egin nahi du. Horietako baten atzean Iberdrola dago eta Kanadako Enmax enpresa bestearenean. Bien artean 35 milioi dolar inbertitu dituzte Maineko galdeketako kanpainan, herritarrek proposamena atzera bota dezaten.