GARA Euskal Herriko egunkaria
LAU ETA ERDIKO PROMOZIOKO FINALA

Edozeren gainetik aurretik eutsi eta txapela eskuratu du Iraitz Zubizarretak

Ataungo pilotaria une oro aurretik joan zen, baina Egiguren V.ak ez zuen sekula ere etsi eta azkenean 21na berdintzea lortu zuen. Azpeitiarrak izan zuen Promozioko finala irabazteko abagunerik, baina Zubizarretak amaitu zuen azken tantoa zabalean.

Biek merezi izan arren, Iraitz Zubizarreta txapeldun azkenean. (Gorka RUBIO | FOKU)

Ordubete eta 300 pilotakadatik gora behar izan zituen Iraitz Zubizarretak, baina lortu zuen Lau eta Erdiko Promozioko finala irabaztea. Duela bi urte Joanes Bakaikoaren aurka galdu eta gero, atzo une oro aurretik izan zen Ataungo pilotaria, baina hasieran izan zuen aldea erabat jan zion azken aldera Julen Egigurenek.

Azpeitiarrak lan handia egin zuen, izan ere, neurketa 21na berdintzeko, baina bere laugarren finalean ere ezin izan zuen 22ra iritsi, azken tanto gogor eta nekagarri horretan Zubizarretak zabalean zuzen amaitu baitzuen.

«Zeruan nago, zer esan dezaket besterik? Oso gogorra izan da eta asko sufritu dut irabazteko. Hasieran fresko nengoen eta errematean ondo, baina tanto gogor bat eta gero buelta ematea kosta zait eta, tentsioa dela-eta, oso nekatuta iritsi naiz azkenerako. Gero, urduritasun handia eta tentsioa, edozeinen alde eror zitekeen azken tantoa, baina tira, txapela etxera», esan zuen Iraitz Zubizarretak azken tantoa bi besoak jaso eta lurrean zilipurdika ospatu eta gero, tentsioak erabat lotuta jokatu baitzuten pilotari biek.

GERO ETA GOGORRAGO

Promozio Txapelketa honetan akaso Zubizarreta bera izan da onena eta erregularrena, eta, egiari zor, ataundarrak berehala hartu zuen aldea. Izan ere, sakeari esker jokoa menpean hartzen zuen Zubizarretak, baina Egigurenek tantoa bere alde ipintzeko abagunea izan zuenetan ere, ezin zuen asmatu. Ondorioz, 3-10eraino joan zen Zubizarreta III.a.

Egigurenek arnasa hartu ahal izan zuen 4-10eko tanto gogorraren ostean. Sakez ere gehiago asmatzen hasi zen eta eskuinez gozatzen ere bai, ezkerrez hobeto moldatu bazen ere. Zubizarretak berak ere espero baino pilotaren bat gehiago galdu zuen, nahiz eta aurreneko atseden luzera alde politarekin iritsi zen: 8-12.

Berdinketaren atarira orduan hurbildu zen lehenengoz Egiguren: 12-13. Alabaina, Zubizarretak hurrengo tantoa bere aldera ekartzea lortu zuen eta 12-16 aldendu zen. Txakurra eta katua bailiran, hurbilduz eta urrunduz segi zuten partida osoan, 21ean berdindu arte.

Berdinketa eta sakea azpeitiarrarentzat. Hasieran tantoaren ekimena ere bai, baina azkenean urdina txapeldun. Egigurenek ez zuen errematean asmatu eta Zubizarretak, urduritasunak lotuta jokatu arren, zabalean ezker gantxoz amaitu zuen halakoren batean. Txapela berarentzat eta datorren urtean gorengo mailan aritzeko txartela ere bai.