GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Zalantzazko proiektu baten gardentasunik eza


Bizkaiko Batzar Nagusiek Madrilgo Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioarekin sinatutako hitzarmena Guggenheim Urdaibai proiektua aurrera ateratzeko baliatu nahi dutela salatu zuen atzo EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusietan, hitzarmen horren aurkako proposamena aurkeztu ostean. Koalizio subiranistaren ordezkariak esan zuen ez dela ingurumena lehengoratzeko proiektu bat, baizik eta Guggenheim berrirako azpiegiturak egitea, eta zalantzan jarri zuen haren legezkotasuna ere. Elkarrekin Podemosen ordezkariak proposamenaren alde bozkatu eta esan zuen hitzarmenaren atzean dagoena jendea kontuan izan gabe egindako kudeaketaren beste adibide bat dela. EAJren ordezkariak, Guggenheim aipatu gabe, erantzun zuen hitzarmenari esker ingurumenaren aldeko neurriak aurrera aterako direla, ahaldun nagusiak proiektua «bai ala bai» egingo dela esan zuen arren.

Hitzarmen horretan natura lehengoratzeko asmoa ageri bada ere, hain asmo garbirik ez duen proiektu baten parte da, biosfera erreserbaren jasangarritasuna eta herritarren beharrak bere menpe jartzeko asmoa duen proiektuaren parte. Horregatik agertu dira haren aurka Busturialdeko hainbat kolektibo eta pertsona eta horregatik izan zen hain jendetsua urriaren 28an Gernikan izan zen mobilizazioa. Informazioa eskatzen dute, eta ondoren horrelako azpiegitura baten beharraren gaineko eztabaida publikoa, proiektuak ziurtasunak baino zalantza gehiago sortzen baititu. Inguru babestu batean turismoa erakartzeak gutxienez zalantza eragiten du. Zalantzazkoa da proiektuaren bideragarritasuna eta are zalantzazkoagoa, bideragarria izango balitz, alegia, turismo masiboa erakarriko balu. Horrek eskualdeko egoera ekonomiko makala konponduko omen du. Egoera hori ez da atzo goizekoa, baina badirudi oraintsu arte ez diotela erreparatu.

Ezkutuan landutako proiektu horren inguruko jarrera ez da berria, ordea. Gardentasunik eza, elkarrizketa baztertuta, ohiko prozedura baitute. Arrazoiketa bakarra, arrazoibiderik eza: ezinbesteko proiektua dela esan eta nahitaez egingo dutela. Hori da proiektuaren legitimitate guztia?