GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Non daude pertsona intersexualak eta asexualak?


Trans Legea» izenez ezagutzen dena funtsezkoa izan da LGTBI+ pertsonen eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko, baina ez, oraindik ez da nahikoa. Hasteko, ez ditu ez barne hartzen, ez babesten, «+» horren identitateak, hala nola pertsona ez-binarioak, asexualak, arromantikoak eta abar. Hala ere, gaian adituak direnek zalantzan jartzen dituzte dagoeneko lortu diren eskubideak, eta argi uzten dute artatzen dituzten pertsonekiko enpatiarik eta ulermenik eza.

Urriaren 19an, Deustuko Unibertsitatean, «Trans Legea» delakoari buruzko jardunaldi bat egin zen, Magistraturako Elkarte Profesionalak (APM) antolatuta. Hurrengo egunean, “El Correo”-n, jardunaldi hari buruzko albiste bat ikusi genuen, Eusko Jaurlaritzaren organigramarekin lotutako hiru pertsonaren adierazpenak komatxoen artean jasotzen zituena.

Bertan auzitan jartzen zen familiak onartzen duela «izen-aldaketa harrigarria den erraztasunarekin. Basurtun ez diegu izena aldatzen. Koherentzia behar dugu», kontuan hartu gabe nahi ez den izen bat erabiltzeak sor dezakeen ezinegon handia eta gure izenak aukeratu nahia zerbait arrotza balitz bezala tratatuz, nahiz eta testuinguru desberdin batean (adibidez lagunartean goitizen bat aukeratzea) guztiz naturaltzat hartzen den. Oso deigarria den beste adierazpen batean aipatzen dira debekatuta dauden «konbertsio terapiak, baita interesdunak baimendu arren ere». Terapia horiek «Sexu orientazioa, genero identitatea edo adierazpena aldatzeko edo moldatzeko ahaleginak» (ECOSIEG, gaztelaniazko akronimoarekin) izenez ere ezagutzen dira, eraginkorrak ez direlako, kaltegarriak direlako eta gutxiengoaren estresa larriagotzen dutelako. Terapia horiek LGTBIfobia betikotu besterik ez dute egiten. Azkenik, oso adierazgarria «genero disforia» da terminoa erabiltzea, nahiz eta OMEk terminologia hori baztertua duen. Gainerako baieztapenekin batera, transfobiaren zantzu argi bat da hori, eta erakusten du ustezko espezialista horiek ez direla gai gu aurreiritzirik gabe artatzeko.

Euskal LGTBI+ Behatokitik nabarmendu nahi dugu gure kolektiboarentzat zein garrantzitsua den erakunde publikoek, gizarte kolektiboek eta komunikabideek ospatzea eta ezagutaraztea gure nortasunak ospatzen dituzten egunak. Egun horiek erabilgarriak dira ikusarazteko, kontzientziatzeko eta gu ere, izan, bagarela naturalizatzeko, azken batean, hizketagai ez dena ez baita existitzen. Adibidez, joan den urrian, bi egun eta aste bat ospatu dira, oihartzun handirik gabe: urriaren 11, Armairutik Ateratzearen Eguna; urriaren 23tik 29ra, Kontzientziazio Asexualaren Astea; eta urriaren 26a, Intersex Ikusgaitasunaren eguna

Azken bi horiek, bereziki, helburu bat dute: izan, bagarela jakinaraztea eta ez gaitzatela ikusi konpondu beharreko desbideratzeak izango bagina bezala; izan ere, pertsona asexual eta intersexualoi oraindik ere auzitan jartzen digute, izan, bagarela eta medikalizatu egiten gaituzte. Gizarteak egun hauen aurrean erantzun behar luke, esanez «ikusten zaitut, aitortzen zaitut, zure lekua ematen dizut». Deustuko Unibertsitatean egindakoa bezalako ekitaldietan gutaz hitz egiten da, baina gu gabe, eta horrelakoek arrakala irekita mantentzeko eta LGTBI+ eskubideen aurrerapen azkarra eragozteko baino ez dute balio.