GARA Euskal Herriko egunkaria

EH Bildu eta EAJ «zorrotzak» izango dira, Pedro Sanchezek agindutakoa bete dezan


EH Bilduk eta EAJk agerraldia egin zuten atzo, nork bere aldetik, inbestidura saioan Pedro Sanchezek egin zuen hitzartzearen balorazioa egiteko.

Koalizio subiranistaren iritziz, PSOEren hautagaiak «zertzelada positiboak» izan zituen, baina horietan sakondu egin behar da, «motz geratu daitezkeelako». Mertxe Aizpurua diputatuak esan zuen «konplexua eta nekeza» izango den bidea ireki dela, eta horregatik «ausardia handia» beharko da.

Nolanahi ere, Aizpuruak berretsi zuen PSOErekin akordiorik sinatu gabe ere Sanchezen aldeko botoa emango dutela, «ultraeskuina boterera iritsi dadin ekiditeko», jendartearen eskubideetan aurrera egiteko, nazio auzia bideratzeko eta neurri sozialetan sakontzeko.

Etapa berri honetan, ziurtatu zuen, EH Bilduk «ez du zalantzarik egingo» eta «oso zorrotza» izango da, eta ez du eskubideetan atzera egitea ekarriko duen neurririk babestuko. «Aurrera egiteko aukera historikoa dugu. Legealdia luzea eta egonkorra izango da, Gobernuak agenda sozialari eta nazio auziari erantzuten badie», nabarmendu zuen.

EAJ, ESKUMENEKIN KEZKATUTA

EAJren izenean, Aitor Estebanek ohartarazi zuen «zorrotzak» izango direla autonomia erkidegoetako eskumenen errespetuarekin, «bakarrik geratu behar badugu ere», eta Sanchezek «sinatu duena betetzea» espero du.

«Uste dut akatsa litzatekeela bere kideenekin talka egingo duten agendak inposatzea», adierazi zuen. Diputatu jeltzaleak falta nabaritu zuen Sanchezek bere hitzartzean ez aipatzea EAJrekin eta alderdi katalanekin «nazioen onarpenari eta pluraltasunari» buruz sinatutako akordioa. Amnistiari buruz, aurkeztu den testua «norabide onean» doala uste dute jeltzaleek.