GARA Euskal Herriko egunkaria

Auzipeturik, Zaldibarrera hondakinak ilegalki eramategatik


Bi enpresa auzipetu dituzte Lapurdin, Zaldibarko zabortegira hondakinak ilegalki eraman izana egotzita. Baionako Auzitegiaren Fiskaltzak isun gogorrak eskatu ditu aste honetan.

Hain zuzen, hondakinen bilketaren, garraioaren eta tratamenduaren arloan jarduten duten bi enpresa eseri ziren akusatuen aulkian. Lehenak, Etcheverry-Mindurryk, Basusarrin du egoitza, eta bigarrenak, Artola CBAk, Donibane Lohizunen. Ingurumenaren aurkako delituarengatik ikertu dituzte biak.

Fiskalak defendatu duen txostenaren arabera, bien artean 22.000 tona hondakin eraman zituzten Hego Euskal Herrira.

Bidasoaren bi aldeen artean nabarmena da preziotan dagoen aldea, «15 eta 20 eurokoa hondakin tonako». Horren gainean bi enpresetako arduradunei galdera zehatza egin zien epaimahaiaren buru gisa jardun zuen Emmanuelle Adoule epaileak.

Epaitegiaren ustez, bada beste datu susmagarri bat: Baionan auzipetutako bi enpresek hondakinak garraiatzeari utzi zioten 2020ko otsailaren 6an, Zaldibarko zabortegia amildu eta Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze beharginak hil ziren egunean.