18 NOV. 2023 Urduñako espetxeko bi biktimen gorpuzkiak emango ditu Lakuak Urduñako hilerrian lurpetik atera zituzten azken bi identifikatuen gorpuzkiak beren senideei emango dizkie Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak. Herri horretako espetxe frankistan 1941ean hildakoen gorpuak dira. Urduñako hilerrian, langileak, gorpuzkiak lurretik ateratzen eta identifikatzen. (IREKIA) GARA URDUÑA Frankismoaren beste bi biktimaren gorpuzkiak, Urduñako espetxean identifikatutakoak, Lakuako Gobernuak beren familien esku utziko ditu. Lehendabiziko gorpuzkia atzo zen entregatzekoa, Badajozko Benito herrian, eta bigarrena, gaur bertan La Morera udalerrian. Domingo Galindo Gonzalezen (La Morera) eta Inocencio Gallardo Rebolledoren (Magacela) gorpuzkiak, duela aste batzuk identifikatutakoak, modu pribatuan entregatuko dira. Gallardoren kasuan, familiak Don Benitoko hilerrian lurperatuko ditu haren gorpuzkiak, eta Galindoren gorpuzkiak 91 urteko alabari emango dizkiote, eta laster haren jaioterriko hilerrian lurperatuko dituzte. Gogora Institutuak lanean jarraitzen du 2014an eta 2022an egindako indusketetan Urduñako hilerritik atera zituzten 71 pertsonaren gorpuzkiak identifikatzeko. Horretarako, espetxean eta kontzentrazio esparru frankistan hildakoen 65 familiarekin harremanetan dago, DNA laginak hartu eta erkatzeko. 225 pertsona hil ziren espetxe horretan 1937 eta 1941 bitartean. GALINDO ETA GALLARDO Domingo Galindo Gonzalez La Morerakoa (Badajoz) zen. 45 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 8an. Lau seme-alabaren aita zen. Alabetako batek 91 urte ditu gaur egun, eta DNAren lagina eman zuen. Inocencio Gallardo Rebolledo da bigarren identifikatua. Magacelakoa zen, 56 urte zituen Urduñako espetxean hil zenean, 1941eko martxoaren 29an. Hiru seme-alabaren aita zen, eta bilobek jasoko dituzte gorpuzkiak. Gogora Institutua familiarekin harremanetan jarri zen Lakuak Castuerara (Badajoz) egindako bidaiaren ostean, aurtengo urtarrilean. AURREKARIAK Joan den uztailean, Lakuako Gobernuak espetxe frankistan hildako bost presoren gorpuzkiak eman zizkien familiei, horietako lau Extremadurakoak. Urduñako udalak bultzatutako ekimenaren bidez «Duintasuna» eskultura sortu zuten 2022ko udaberrian. Joan den uztailean 71 ziren identifikatutako gorpuzkiak, senideen DNA frogen bidez. Aurrerantzean ere ikerketa lanean jarraituko dute. 225 HILDAKO,71 IDENTIFIKATU2014AN HASI ZIREN INDUSKETA LANAK URDUÑAKO HILERRIAN. FRANKISMOAREN BIKTIMA DIREN 225 HILDAKO DAUDELA JAKIN DA, BAINA 71 SOILIK IDENTIFIKATU DITUZTE.