GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Egiten duzuna egiten duzula


Hirurogei urte bete berri dituzu eta ulertzen duzu errua -edo meritua- ez dela erabat zurea izan. «Norbaitek abisatu izan beharko balit…», pentsatzen duzu telebistak Ferraz kaleko istiluak erakusten dizkizun bitartean. Bai, ez dakit nork, baina norbaitek esan izan beharko zizun galtza haiek ez zirela zure neurrikoak, ez, ez zela -agerian zegoen- bide horretatik, goizegi edo beranduegi zela. Norbaitek -agian coach bana izan beharko genuke denok- jakinarazi izan beharko zizun hura ez zela, hala iruditzen bazitzaizun ere, zure bizitzako gizona edo emakumea; argi zegoela bigarren eskuko kotxe hark arazoak emango zizkizula edo pagotxa paregabea zela; duda barik ama izan beharko zenukeela edo seme-alabarik, ezta burutik jota ere, ez izateko.

Norbaitek zuregana gerturatu izan beharko zuen goiz hartan edo gau hartan, eta urrunegi zindoazela jakinaren gainean jarri izan beharko zintuen; titarekada bat uretan itotzen zeundela; mugitzeko edo gelditzeko, lasaitzeko; abian jartzeko. Baten batek, laburbilduz, bizitza zertan datzan ohartarazi izan beharko zigun.

Norbaitek, ez dakit nork, zerbait esan izan balizu, ez zinatekeen hainbeste aldiz erratuko; norbaitek zerbait esan izan balizu ez zenukeen hainbeste aldiz asmatuko. Hirurogei urte betetzean, azkenean ere, behin asmatzeko askotan huts egin behar duzula ulertzen duzu. Akats zoragarriak daudela, baita asmatze beldurgarriak, ikaragarriak ere.

Hirurogei urte bete dituzu eta burura datorkizu Robert Frost-en “The road not taken” olerkia: ederto islatzen du zalantzazko une hori, eta nola aukeratzen dugun bata edo bestea, nahi eta nahi ez, erabaki bat hartu behar delako, senak bideratuta agian, edo mila argudio emanez.

Erabakia hartu ondoren, kontsolatu egiten gara, esanez agian beste egun batean itzuliko garela atzean utzitako bidea aztertzera. Hori posible balitz bezala!

Hirurogei urte bete dituzu eta abisatu izan zizutela gogoratzen duzu, baina -gehiagotan- zure bihotzaren edo erraien arrazoiak nahiago zenituen. Hirurogei urte bete dituzu eta ondorioztatzen duzu zu izan zarela erantzule bakarra. Zuk zerorrek zerbait esan izan beharko zenuen. Zapata haiek estutzen zintuztela; nazkatuta zeundela, aski, gehiegi edo gutxiegi zela. Zerbait, ez dakit. Berriro eta zerotik hasi nahi zenuela; bera bezala, zure bizitzako emakumea edo gizona. Dena konpon zitekeela edo horrek jadanik ez zuela erremediorik. Bai, musu hori eman izan behar zeniola.

Hirurogei urte bete dituzu eta -Blinken hegazkin batetik jaisten pantailan ikusten duzularik- ulertzen duzu bizitza agian horrela idatziko dela; azkar, bakoitzak norbanakoaren orrian, eta ez duzula astirik izango lerro horiek garbira pasatzeko, albokoari seigarren ariketa kopiatzeko, zirrimarrak makillatzeko; dagoeneko tippexak ez dizula ezertarako balio izango.

Hirurogei urte bete berri dituzu eta esan nizun inori esan behar diozula konprenitzen duzula; gehienez nik egingo nuke edo nik, agian, ez nuke egingo. Hirurogei urte bete dituzu eta burura datorkizu Nicanor Parraren esaldi ospetsua: «Egiten duzuna egiten duzula, damutuko zara». Berdin dio zer gertatzen den, edo zer egiten dugun. Beti izango da zerbait akastuna eta neurriren batean okerra. Aurrera jarraitu behar dugula.