GARA Euskal Herriko egunkaria
ZESTA

Erkiagak eta Ibarluzeak oso bideratua utzi dute ligaxka


Ordubete baino gutxiagoan, Erkiagak eta Ibarluzeak mendean hartu zuten Arbe-Manci bikotea, B multzoko lidergoa sendotzeko. Bigarren garaipena eskuratu zuen bikote arrosak (15-6, 15-5), lehendabizikoa baino aiseago, Pro-am txapelketa irabaztetik Gernikan lekutxoa egin duten bikotearen aurka. Estreinakoa zuten bikote modura Winter Seriesen -Arbe lehen edizioan izan zen, baina Mancik debuta zuen- eta urduritasuna izan zen nagusi, harmailak goraino beteta zegoen Jai Alai pilotalekuan, txapelketako laugarren ‘sold out’-ean.

Ohi baino akats gehiago egin zituen Mutrikuko atzelariak lehendabiziko set-ean; segurtasuna dohain nagusia duen puntista da gipuzkoarra, baina debuteko ezinegona garesti ordaindu zuen. Markina-Xemeingo aurrelaria saiatu zen tantoak bukatzen, baina pilotalekua ongi ezagutzen duen Erkiagarekin egin zuen topo, zeinak ez duen barkatzen. Ispasterkoak, sekulako erakustaldia emanez, une honetan puntista onena dela berretsi zuen. Atzean, ongi eutsi zuen Ibarluzea izan zuen, zeinak huts oso gutxi eginda, bere egitekoa ondo bete zuen.

IA FINALERDIETAN

Erkiagak eta Ibarluzeak B multzoko lidergoa sendotu zuten garaipen argi honekin. Oraindik ez daude matematikoki finalerdietan, baina 7 puntu dituzte alde eta, berdinketa izanez gero, oso aldeko tanto aldea (+29 tanto). Johanek eta Lopezek puntu bat dute(-10); Arbek eta Mancik 0 puntu (-19); oraindik lehiaketan estreinatzeko daude Ludovic Laduche eta Gorka Sorozabal.