22 NOV. 2023 Karmele Jaioren «Maitasun kapitala»: nola maitatzen ari gara? Emakumea zer da maitasunik gabe? Nola ikasi dugun maitatzen eta maitasunak nola eman dion zentzua gure bizitzari irakatsi diguten moduan, maitale bezala eta zaintzaile bezala; horra «Maitasun kapitala» (Elkar) nobelaren funtsa. Fikzioaren bidez normaltasunak estaltzen dituen gauza asko azaleratzen ditu Karmele Jaiok. Egoera batzuekin identifika gaitezke, eta beste leku batetik ikusi. Karmele Jaio, «Maitasun kapitala» nobela aurkezten, atzo Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU) MAIDER IANTZI GOIENETXE Maitasuna deitzen diogu, batzuetan, sexu erakarpen edo desirari. Bakarrik egoteari diogun beldurrari ere bai. Norbere autoestimurako bitamina baten premia ere ezkutatzen da maitasunaren atzean. Karmele Jaioren “Maitasun kapitala” (Elkar) gonbidapen bat da irakurleak bere buruari galdetzeko ea bere maitasunaren azpian zer dagoen. Idazle gasteiztarrak Donostiako Udal Liburutegian aurkeztu zuen atzo nobela berria, Xabier Mendiguren Elizegi editorea lagun. Kontatu zuenez, hileta batekin hasten da trama. Bere maitalea izandako Martinen hiletan dago Olga. «Ez da kasualitatea; maitatzeko modu baten bukaera eta beste baten hasiera aldarrikatzen du. Protagonistak disekzionatu nahi du bere maitasuna, eta ikusi zergatik, adibidez, sentitu den menderatua edo galdua maitasun batean, zergatik sentitu den batzuetan txiki, zergatik onartu duen batzuetan gaizki tratatua izatea, dena maitasunaren izenean». IREKI NAHI EZ DUGUN KUTXA Atzerapauso hori egiten du, begiratu nola maitatu duen, eta maitatzeko modu berri baten bila hasi, noski, zailtasun askorekin. Unibertsitateko Literatura irakaslea da Olga eta ikasle baten tesia zuzentzen ari da, maitasunari buruzkoa. Teoria feministari esker, izena jarriko die sentitzen dituen gauza askori. Bi adiskide ere izango ditu ondoan. Emakumeen maitasunean zentratu du liburua, iruditzen zaiolako badagoela kasu askotan gainditu gabeko zerbait. «Pauso handiak ematen ditugu eremu publikoan, aktibismoan, rol eta estereotipoen kontra egin dugu, botere harremanen aurrean matxinatu gara, baina badago Pandoraren kaxa bat ez duguna askotan ireki nahi: maitasunarekin eduki dezakegun kontraesana. Zer zaila den onartzea maitatzeko erakutsi dizuten modu hori barneratuta daukazula, baina bereziki maitasunean suposatzen da dominatzaileak eta dominatuak elkar maite dutela eta horrek asko zailtzen du horri aurre egiteko aukera. Beste zailtasun bat da plano oso intimoan gertatzen dela». Zerk lagunduko dio Olgari horri aurre egiten? «Konturatzeak bere maitasuna ez dela berea bakarrik, sozialki eraikia dela». Intimoaren eta sozialaren intersekzio hori interesatzen zaio idazleari, maitasunak denarekin duelako zerikusia. Hortik izenburua. Batetik, kapitala da emakumeontzat, erdigunean jarri zaigulako. «Maitasunik gabe ez garela ezer esan digute. ‘Ez egin hori, bestela bakarrik geratuko zara’ mehatxatu gaituzte txikitatik». Bestalde, kapitala da merkatuaren legeak agintzen duen gizarte batean bizi garelako. Horrek maitatzeko moduetan zer eragin duen hausnartzen du Jaiok. «Tinderren garai honetan, maitasuna elkarbanatu baino gehiago, maitasuna kontsumitzen ari gara? Gailuek bezala, pertsonek ere zaharkitze programa dute? Gero eta indibidualistagoa den gizarte batean gure maitasunak ez dira gero eta berekoiagoak?». ADISKIDETASUNAK PISUA HARTZEN DU Bikotearen maitasunak duen zentralitate hori deszentralizatzen da nobelan, eta hor adiskidetasunak pisu handia hartzen du, baita sexuak eta desirak ere. Sexua karga asko dagoen eremu bat dela azaldu du idazleak. «Emakumearen gorputza gudu zelai bihur daiteke. Bestetik, gogoa nuen sexuaz idazteko. Desirari buruz, emakumea askotan izan da errepresentatua desio objektu bezala, baina emakumeen desira ere agertzen da liburuan». Azkenik, harreman intimo bat dago irakurlearen eta idazlearen artean. Elkartzen diren leku bat, maitasunean bezala. Jaio idatzi bitartean deskubritzen joaten da, hori da bere sortzeko modua, ez du aurretik garbi izaten zer idatziko duen. Interesgarria izan da beretzat Artearen eta Literaturaren historian egin duen bilaketa, garai bakoitzean maitasuna nola irudikatu den eta fokua non jarri duten jabetzea. «Harremanak izateko modua alda daiteke, baina emakumeek eta gizonek duten rola aldatu al da? Nola maitatzen ari gara?», galdetu zuen. LORPENAK«Atzera begiratuta, gauza asko hobetu dira eta hori ez dago zalantzan, baina datu kezkagarri asko daude. Askoz kontzienteago gara berdintasun ezaz, eta ikusten ditugu lehen baino gauza gehiago. Txarrerantz goaz? Orain adi gaude zenbait jarreratara».