GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Kazetari feministok grebara


Kazetari feministok grebara goaz azaroaren 30ean, nekatuta, haserre eta antolatuta gaudelako. Euskal Herriko mugimendu feministaren greba deialdiak ilusioz bete gaitu, zaintzak merkantilizatuta daudela eta emakumeok geure gain hartzen ditugula salatu eta ikusarazteko eguna izango baita. Proposamen eta alternatiba zehatza ere badu grebak: zaintza sistema publiko komunitarioa.

Euskal Herriko kazetari feministok urteak daramatzagu zaintza balioan jartzen, eta zaintzaren garrantzia nabarmentzen. Ahotsik gabe geratu arte egiten dugu kazetaritza pasio eta bokazio patriarkalean oinarritutako lana baita. Kazetari ona beti eskuragarri egotea espero da. Kazetari onak ezin du atseden hartu. Kazetari ona ezin da gaixotu. Kazetari onak bere lanbidea lehenetsi behar du. Kazetari ona aktualitateari zein urgentziari lotuta bizitzea espero da. Baina horrek guztiak albo-ondorioak ditu; besteak beste, ogibidea alboratzea edo gauza gehiegi albo batera uztea, lanean jarraitu nahi badugu. Gizonek baino gauza gehiagori uko egin behar diogu, eurek ia beti dutelako norbait laguntzeko prest, baina ez dugu horrelako kazetaritzan sinisten, feminismoan oinarrituan baizik, hau da, zaintza lanak erdigunean jartzen dituenean.

Larrituta bizi gara, kontziliaziorako aukerarik gabe, lehiakortasun sendoko ingurune batez inguratuta, soldata miserableekin eta lan baldintza prekarioekin. Horrek itotzen gaitu, eta, gainera, ezin ditugu gure ingurukoak zaindu, ezta gure burua ere. Horregatik, guk ere greba egingo dugu, planto egingo dugu. Bizitza ukatzen digun lanbiderik ez dugulako nahi. Izan ere, nork zaintzen ditu kazetariak?

Horrez gain, greba egingo dugu errealitatea partzialki azaltzen duen agenda patriarkala kubritzeaz nekatuta gaudelako. Garrantzitsuak diren gaiei buruz hitz egiten saiatzen gara, gero «emakumeon kontuak» direla entzuteko. Hori patriarkatuaren adibide argia da! Kazetariok etxeko langileen antolakuntzaren eta borrokaren eta egoitzetako greben lekuko izan gara, pribatizazioak nola eragiten duen babes- eta arreta- zerbitzuen kalitatearen lekuko izan gara eta gara, baita Osakidetzaren desegitearen lekuko ere. Euskal herriko kazetari feministok berresten ditugu greba feministaren arrazoiak, errealitate gordinaren lekuko izan garelako eta garelako.

Zaintza-krisia agenda publikoaren erdigunean egoteko garaia da. Ez da sektore bateko arazoa, afera estrukturala baizik, eta norbanako guztioi eragiten digu. Horregatik, zaintzak ikuspegi feminista eta kalitatezko kobertura behar du. Horren aldeko apustua egiten dugu eta hedabideei ere gauza bera egitea eskatzen diegu.

Greba egingo dugu gure lanbidean jasaten ditugun sexu-erasoak isilpean kontatzeaz nekatuta gaudelako. Urteak daramatzagu sare feminista ehuntzen eta elkar zaintzen, baina tabua hausteko garaia da eta indarkeria sexistarik gabeko lanbidea aldarrikatzeko altxatzen gara.

Langile eta feministak gara, eta grebara deituta sentitzen gara aldarrikapen guztiak partekatzen eta defendatzen ditugulako baina, aldi berean, kazetariok historikoa izango den greba feminista orokorra kubritzeko konpromisoa sentitzen dugu. Mugimendu feministak estaldura mediatikoa merezi du. Hori dela eta, gure planteamendua honakoa da: prentsa idatzian lan egiten duten kazetari eta kolaboratzaile guztiei azaroaren 29an grebaren alde egitera gonbidatzen ditugu. Greba egunean egunkaririk ez egoteko eta digitalak eguneraturik ez egoteko! Bestalde, irratian eta telebistan lan egiten duten kazetari guztiak 30eko grebarekin bat egitera animatzen ditugu, ezarritako gutxieneko zerbitzuetara mugatuz. Hala, azaroaren 30ean grebaren inguruko informazioa soilik zabaltzera gonbidatzen ditugu.

Greba orokor feminista kazetariena ere bada!