GARA Euskal Herriko egunkaria

«Polloekoak» ondu du Fito Rodriguezek, ustelkeria salatzen duen eleberri beltza

Fito Rodriguezek «Polloekoak» eleberri beltza argitaratu du. Ustelkeria salatzea izan du helburu, baina eleberriko pertsonaien bidez egin du hori. Ostegunero mendira joateko elkartzen den lagun taldearen istorio eta ikuspegiak txirikordatu ditu eleberrian zehar, azpian dagoen hari bati jarraipena emanez.

Fito Rodriguez idazleak atzo aurkeztu zuen bere eleberria. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

“Polloekoak” eleberri beltza aurkeztu zuen atzo Fito Rodriguezek Donostiako Udal liburutegian, bere literatur ibilbidean «erregistro berri» gisa definitu zuena. «Iruzurkeria eta ustelkeria salatu beharra dago, eta liburu honetan, batez ere ‘De Miguel kasua’ landu dut», adierazi zuen aurkezpenean. Halako gaiak jorratuta, ez da erraza izan Rodriguezentzat lana argitaratzea, bere hitzetan, «ohiko argitaletxe komertzialek ez dituztelako maite horrelako liburuak». Azkenean, DDT Liburuak talde autogestionatuarekin plazaratu du.

Orain arte, sarritan, «saiakera» gisa definitutako liburuak idatzi dituela kontatu zuen atzoko aurkezpenean Rodriguezek, «saiakera oinarri duten nobelak, edo nobelatutako saiakerak», zehaztu zuen, baina «orainaldiko literatura egin ahal izateko», erregistro berrietan «arriskatu» beharra dagoela uste du. Ustelkeria kasuak «kokatzea merezi du» idazlearen ustez, eta literatura horretarako baliatu daitekeela onartu zuen, lehenago Alfonso Sastrek edota Txillardegik egin bezala.

Eleberriaren hasieran eta amaieran esaldi bera errepikatzen da, Polloeko hilerrian irakur daitekeena: «Laster esango da zuengatik esaten ohi dana orain gugatik». Izatez, heriotzari egiten dio erreferentzia esaldiak, baina Rodriguezek ustelkeriarekin ere lot daitekeela esan zuen; «denak inplikatzen gaitu, denok egon gaitezke zikinduta, horregatik izan behar dira begiak erne». Esaldi hori bera dago libururen azalean ere; Kote Camacho ilustratzaileak egin du azala. Idazlearen iritziz, azal deigarria izateak lagundu ohi du irakurlea liburura erakartzen, eta kasu honetan ere hala izatea espero dute, kolore berde, gorri eta beltzak eta hilerriaren irudia izan daitekeenak atentzioa emanda.

TELES ETA LAGUNAK

Teles da eleberriko protagonista, baina ez da lehendabiziko aldia Rodriguezek bere lanetan Telesi bizitza eman diona. Udalbiltzak antolaturiko Geuretik Sortuak bekan sortu zuen. Errefuxiatu politikoa da, eta herrira, Zumaiara, itzuli da zahartutakoan. «Asko maite dut pertsonaia hori, eta berreskuratu egin dut». Ostegunero Polloeko hilerrian elkartzen da lagun talde bat mendira joateko, eta hantxe egoten da Teles.

Mendiko solasaldietan korapilatzen dira pertsonaien ikuspegi eta istorioak, idazleak kontatu zuenez; «azpian badauka hari bat, baina istorio ezberdinak txirikordatzen dira». Lehenago landu izan dituen gaiak agertzen omen dira hausnarketa eta istorioetan, hala nola egiaren eraikuntza eta egia judiziala, historia/istorioak, boterea, polizia eredua eta Ertzaintza... Rodriguezen ustez, «ez dugu behar adinako tresnarik egungo mundua ulertzeko», eta gizartea ulertzeko baliabideak edota tresnak ematen ahalegindu da eleberrian zehar. Baina Teles bera poliziaren jazarpenean kateatuta geratuko da ustezko hilketa bat dela medio.

Aipatu bezala, mendian dabiltzala sortzen dira hausnarketa asko, eta idazleak irakurlea benetan liburuan barna eraman nahi izan du txango horietan. Aurreratu zuen eleberrian ageri diren txangoen nondik norakoak aurki jasoko direla Udalbiltzaren webgunean, “Lurgida” atalean. Gaineratu zuen, ibilbidea aurkezteaz gain, eleberrian bertan jasotzen diren zenbait istorio ere bilduko dituela webguneak.

EUSKAL LITERATURAZ

Liburuaren aurkezpenetik abiatuta, euskal literaturaren inguruko hausnarketa ere plazaratu zuen Rodriguezek: «Euskaraz argitaratzen diren gauza gehienak kalitate handikoak dira, ez dira komertzialak». Bere aburuz, euskal literaturan inor gutxik begiratzen dio merkatuari sortzerakoan, eta ondorioz, kalitate altuko lanak argitaratzen dira. Baina kasu, «ez da erraza edozer argitaratzea», eta bere kasua jarri zuen adibide.

Garai batean ezin zela torturari buruz idatzi eta egun ustelkeriaren inguruan argitaratzea «oso nekeza» dela aitortu zuen, eta horregatik jo zuela berak DDT Liburuak taldearengana. 1989az geroztik editatu eta banatzen duen talde autogestionatua dela azaldu zuen, eta Durangoko Azokan ere parte hartuko dutela: Sare Antifaxista, AHTrik ez, eta Katakrakekin batera, DA! autogestionatuan egongo dira.

Idazlearen iritziz, «mota guztietako idazkuntza» behar da euskaraz, eta, ondorioz, ohiko argitaletxeak zein DDT taldea bezalakoak beharrezkoak eta osagarriak direla nabarmendu zuen.