GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

Haria ez da eten


Atzo Euskaldunako borroka oroitzeko eguna izan zen. 1984ko azaroaren 23an “Euskaldunako bataila” moduan ezagutzen denaren gertakari larrienak jazo ziren. Pablo Gonzalez Larrazabal poliziaren kargetatik babesten saiatzen ari zela hil zen eguna ere izan zen hura. Euskaldunako langileek borroka luzea zeramaten ontziolaren etorkizuna bermatzeko eta langileen lanpostuei eusteko, baita euren seme-alaben etorkizuna ziurtatzeko ere. Hura desagertzearekin batera, industriaren eraispen prozesu gogor eta zabal bati ekin zitzaion, betiko aldaketak ekarriko zituena.

Euskalduna ontziola, 1900ean sortua, Bizkaiko industria jardueraren zutabeetako bat izan zen, baita Bilboko ikurra ere. Era berean, “Euskaldunako bataila”-k langile borrokaren irudi izaten jarraitzen du. Belaunaldi bat markatu zuela esan dezakegu. Garai hartan ibiltzen hasi ginenok ere gogoan ditugu guztiok markatu gaituzten irudiak. Nork ez du gogoratzen langileak tiragomekin agertzen diren argazki mitikoa? Mobilizazioetan parte hartzea ez zen inondik inora ontziolako langileetara mugatu; herri borroka izan zen hura eta elkartasuna ez zen falta. Gazte askorentzat, esaterako, euren lehen esku hartze politikoa izan zen. Emakumeek izandako parte hartzeak ere beharrezko aitortza behar du.

Egungo egoera oso bestelakoa bada ere, haria ez da eten, eta lan baldintza duinak aldarrikatzeko beharrak hor dirau. Azkenaldian, batzuk grebak eta mobilizazioak kritikatzen ari badira ere, mobilizatzeko arrazoiak ez dira falta; gure kaleak dira horren erakusgarri. Ildo horretan, gogoratu behar da astebete baino gutxiago falta dela lehen aldiz greba feminista orokor bat izateko. Azaroaren 30ean zaintza-sistema publiko-komunitario baten alde egingo da, pertsona guztiek baldintza duinetan zaindu dezaten eta zainduak izan daitezen. Enplegu, kontsumo eta zaintza greba izango da, eta oraingoan guztiok gaude deituta.

Euskaldunaren borrokak gure borroka izaten jarraitzen du. Memoriarako tarte gehiago uztea beharrezkoa da, iragana ahazteak etorkizuna ez izatea dakarrelako.