25 NOV. 2023 AZKEN DISKOA ETA AZKEN BIRA Esne Beltza: «Ez dugu heriotza-ezkilik entzun nahi; ospatu egin nahi dugu» Esne Beltzak «Esne Bidea» diskoa argitaratu du, taldearen zortzigarrena eta azkena izango dena. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin esango dio agur 17 urteko ibilbide oparoari. Diskoa aurkezteko, 2024. urte osoan zehar azken bira bat egingo dute: «Ez ditugu entzun nahi heriotza- ezkilak; ospatu egin nahi dugu, Esne Beltza familia osatzen duten horiekin guztiekin». Esne Beltza taldea, azken diskoa aurkezteko prentsaurrekoan. (Aritz LOIOLA | FOKU) Asier ROBLES BILBO “Esne Bidea” izango da Esne Beltzaren azken diskoa. Zazpi abestiz osaturiko lan honekin esango dio agur taldeak 17 urteko ibilbideari. Diskoari eta agurrari buruzko xehetasun gehiago eman zuten atzo Bilboko Bira kulturgunean. «Esne Bidea deitzen da gure azken lana, keinu eginaz gure izenari, gure sorrerari; esnea ez da beltza, eta Esne Bidea ez da esnez osatutako bidea, izarrez osatutako espiral bat da, kiribilean, biribil handi bat, hasiera eta bukaerako puntarik ez duena. Espiral horren barnean bizi gara gu, gure pozekin, gure tristeziekin, eusten diegu gure ideiei, eta hedatu egiten gara, zabaldu. Gure galaxia ederrari deitzen zaio Esne Bidea, eta bertan dago gure eguzki-sistema. Horixe irudikatu nahi izan dugu, gure musikari lagunak gertu, miresten ditugunak, distira daukatenak, ezezagun zirenak eta lagun bihurtu ditugunak; konstelazio oso bat da musika, pentsamendua astintzen duena, bizitza sortzen duena, maitasuna. Disko forma du Esne Bide horrek, ez da galaxia homogeneoa, hor du bere aberastasuna, horretan sinesten dugu guk; ezin ahaztu erdigune ahaltsu bat duela, Erdigune Galaktikoa deitzen duguna, eta hori, guretzat, Esne Beltza familia da», adierazi zuten. DOINU EZBERDINETAKO ZAZPI KANTA Euskal Herriaren eta AEBen artean sortu eta ekoitzi dute lana. Izan ere, 18 Grammy irabazi dituen Rafa Sardina grabazio ingeniaria jardun da ekoizpen, grabaketa eta nahasketa lanetan. «Ohoreaz gain, plazera izan da lan hau berarekin egitea, Grammy sariez eta errekonozimenduaz at, musikari eskaintzen dion arreta eta maitasuna dagoelako beregan. Guretzat denbora hartu du eta eta mimoz egindako lana da emaitza», esan du Lova Lois taldekideak. Taldean beti nagusi izan den estiloari jarraituz, azken disko honetan ere herrialde ugaritako doinuak uztartu dituzte eta zenbait artistak kolaboratu dute. Lehen kantuan, “Esne bidea” izenekoan, Unlearn The World Washingtoneko MC garrantzitsua izan dute lagun. “Gure dantzalekua” izeneko bigarren kantan Sweet Barrio taldeko partaide Pucci abeslari madrildarrak parte hartu du. Esne Beltzan reggaeak tokia izan du beti, eta disko honetan ere hala da. Hirugarren abestia, “Altxa eskua”, Ghanako Rocky Dawuni abeslariarekin eta Xiberoots-eko Jon Etxekopar kantari zuberotarrarekin egin dute. Laugarren abestia, “Behin eta berriz”, Chambao taldearen flamenko chill doinuekin nahasi dute. “Montparnasse” bosgarren abestiak Flor de Toloache emakumez osatutako mariatxi taldearen kolaborazioa du. Seigarrenean, “Fuck the police”, Lagrimas de Sangre talde katalaneko eta Suicidals Tendencies talde mitikoko partaide izandako Louiche Mayorgaren hitzak aurkituko ditugu. “Bidea” abestiarekin itxi dute diskoa. Granom & Co mexikarrak egin du diskoaren diseinua. «Azken diskoa dela esan dugu, eta hala da. Badakigu azkena dela esateak bereganatuko duela atentzioa, “badoaz” edo “uzten dute” esanaz, baina merezi duen arreta eskaini diogu egin dugun disko honi», adierazi zuen Xabi Solano abeslari eta trikitilariak. «AGUR DENERI» BIRA Diskoa argitaratuta, Durangoko Azokan izango dira abenduan eta 2024rako “Agur Deneri” bira antolatu dute Euskal Herri osoari agur esateko. «Zazpi probintzietan, herriz herri aritu gara urteotan, lagun berriak egin ditugu, beso zabalik hartuak izan gara, eta hori dena kontuan hartu dugu agurtzerako orduan. 2024ko zuzeneko bakoitza festa eder bat izango da», nabarmendu zuen Solanok. Aurrerago emango dituzte bira horren xehetasun gehiago baina, gaurko prentsaurrekoan adierazi dutenez, «konpromisozko kontzertu asko» egingo dituzte. 2025ean egingo dute azken kontzertua. Oraindik ez dute azken festa horren nondik norakoen berri eman nahi, baina «oso leku berezian» izango da, eta urteetan zehar izan dituzten kolaboratzaileek parte hartuko dute. Esne Beltzari amaiera emateko arrazoiengatik galdetuta, Solanok esan du garrantzitsua zela haientzat ziklo bat ganoraz ixtea: «Talde askok jarraitzen dute, nahiz eta kide batzuek utzi egin duten. Gu momentu honetan ondo gaude eta oso ondo pasatzen dugu. Iruditzen zaigu momentua dela taldea uzteko gustura gaudenean. Urte asko daramatzagu eta gauza berriak egin nahi ditugu. Bukaera hau jai bat izatea nahi dugu». «Ez ditugu entzun nahi heriotza-ezkilak, ospatu egin nahi dugu hau dena, Esne Beltza familia osatzen duten horiekin guztiekin, entzuleak, jarraitzaileak, musikari lagunak, denak zaku berean sartuta». KOLABORAZIOAKHerrialde ugaritako doinuak uztartu dituzte hainbat kolaboraziorekin: Unlearn The World, Pucci, Xiberoots, Rocky Dawuni, Chambao, Flor de Toloache, Lagrimas de Sangre eta Louiche Mayorga.