GARA Euskal Herriko egunkaria
2023KO BIZKAIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

LEMOAN IBARZABAL GAILENDUTA, BILBON BOST EMAKUME KANTUAN

Nerea Ibarzabalek irabazi du azken finalaurrekoa, 638 punturekin. Lemoako Udal Kiroldegian abestu zuten sei bertsolariek, eta 700 bertsozale batu ziren kiroldegia berotzera, baina zuzenean Bertso.eus-en bidez jarraitzeko aukera ere eman zuten antolatzaileek eta 300 ikusletik gora izan zituen. Definituta geratu zen Bilbon jokatuko den finala.

Nerea Ibarzabal, Lemoako saioko irabazlea, kantuan. (Oskar MATXIN | FOKU)

Finalaurrekoek tentsio, urduritasun eta poza nahasian izan ohi dituzte, baina atzo Lemoan egindako Bizkaiko azken finalaurrekoan poza gailendu zen azkenerako. Nerea Ibarzabalek irabazi zuen saioa (638 punturekin), eta berarekin batera kantuan aritu ziren beste hiru bertsolari ere pasatu dira finalera: Onintza Enbeita, Oihana Bartra eta Aissa Intxausti. Lehen aldiz bost emakumek kantatuko dute Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finalean.

Bilbao Arenan zortzi eserlekuak beteko dituzten bertsolarien izenak, beraz, finkatuta geratu ziren: Xabat Galletebeitia, Jone Uria, Nerea Ibarzabal, Onintza Enbeita, Oihana Bartra, Gorka Pagonabarraga, Aitor Etxebarriazarraga eta Aissa Intxausti.

Gogotsu zegoen entzulea; hasierako txaloetatik antzeman zen hori, baita pankartetan ere, beste saioetan baino dezente gehiago zeuden, zortzi bat guztira. Zortziko nagusia zorrotz hasi zuten Bartrak eta Ibarzabalek; alaba eta ama ziren, eta Ibarzabalek esaten zion arduratuta zegoela etorkizunean ez zuelako ingurukoentzat zama izan nahi. Bartrak berak zainduko zuela erantzun zion: «Nik zu zaintzeko utziko ditut/ arima eta gorputza/ baina bidean nahi dut sistema/ publiko baten laguntza». Zaintzan jarduteko «bizitzea geraraztea» zer den ongi dakiela erantzun zion amak.

BIXI ETA IRUDIMENTSU

Umoretik jo zuten zortziko txikiko bertsoaldiek, eta oholtza gainekoen irudimena beste behin frogatuta geratu zen. Tabernariaren eta zerbitzariaren arteko elkarrizketa Benito Lertxundiren kantuak ere gogoratuz, txapelketako ganbarazaina eta kantatu nahi ez duen bertsolaria, alkoholemia kontrola egiten ari den udaltzaina eta gidariaren lekua hutsik eta kopilotuarenean dagoen herritarra... horien guztien ahotik aritu ziren.

Intxaustik preso politikoaren azaletik kantatu zuen hamarreko txikian; kondena bete eta laster kalean izango zen, eta Bartra lagunarekin bere kezken inguruan aritu zen. «Lehen gogoa neukan/ ta orain beldurra», aitortu zion, baita galduta sentitzean haren laguntza eskatu ere. Bartrak, lagunaren paperetik itxi zuen ofizioa: «Kartzelan guztia da/ besten oihartzuna/ funtzionariak guau/ta zuk erantzuna/ ordutegi zehatza/ ta oso zurruna/ zuretzat ez al da/ azkenin summuma/ zuk erabakitzea/ egiten duzuna?».

Ganbarako gaian ligatzea, antsietatea, elikadura nahasmendua zein norberaren itxura izan zituzten aipagai, baina amaierako agurrean Ibarzabalek esan bezala, «zeren seinale da hainbeste anorexi?». «Gero eta gehiagotan egiten duzu, inork ikusi barik egiten ahalegintzen zara» zuten gaia.

Ibarzabalek ohi duen trebeziaz heldu zion gaiari, eta saioko ale bikainenak utzi zituen. Deskribapen finez amaitu zuen lehenengo bertsoa: «...oraintxe hasi berri dut/ neure kontrako partida/ zerbait irentsi orduko/ esaten baitut aski da/ estomagoa egin zait/ besteen begien neurrira/ eta nahi ez dudan arren/ beti alditik aldira/ nahigabe joaten zaizkit/ atzamarrak eztarrira». Bigarrenean ezer ez zaiola gertatzen kontatu zion amari, eta hirugarrenarekin itxi zuen zirkulua: «...eskatu nahiko nioke/ salbazio posible bat/ arren sartu atzamarrak/ ta ateraizkidazu berbak».