GARA Euskal Herriko egunkaria
ENDESA LIGA

Basket Zaragozaren «Gasteiz faktoreak» Gernika txikitu du

Tanaya Atkinson Kutxabank Araskiko izar ohiak 18 puntu eta 7 asistentzia egin zituen, eta Nerea Hermosa pibot gasteiztarrak, 11 puntu. Errebotean ere ezinean, egurra jaso zuen talde bizkaitarrak.

Uztaipetik urruti saiatu behar izan zuen Da Silvak. (Esther CASAS)

«Gasteiz faktorea» aurka izan zuen atzo Lointek Gernika Bizkaiak, Basket Zaragozari egin zion bisitan. Tanaya Atkinson Kutxabank Araskiko izar ohia eta Nerea Hermosa 22 urte eta 1,96 metroko pibot gasteiztarra ezinbesteko faktoreak izan ziren bizkaitarrek jaso duten belarrondokoa ulertzeko.

18 puntu eta 7 asistentzia pilatu zituen hegaleko iparramerikarrak, eta jokalari arabarra, berriz, 11 punturekin, uztaipean nagusi izan zen -eta are nagusiagoa izango zatekeen epaileek «jokalari gazteen bidesaria» ordainarazi ez baliote pertsonalen bidez-.

Horrez gain, Lucas Fernandezen taldeak erreboteetan ezin izan zuen Aragoiko taldearen kemena berdindu -21 errebote pilatu zituzten bizkaitarrek; 39 mañoek-, eta bigarren laurdenean, Zaragozako Ainhoa Lacorzanak orkatila okertu eta ikusleak sutu ziren unetik aurrera -Gernikak jokorik geratu ez zuelako, nahiz eta erabaki hori ez zegokien jokalariei, epaileei baizik-, gero eta aldapatsuago egin zitzaien Zaragozako partida, 32 puntuko aldeaz galdu arte.

GOITIK BEHERANTZ

Grace Berger gabe jokatu arren, hatz bateko arazoen erruz, ondo ekin zioten lanari bizkaitarrek, baina ez zuten abantailarik atera, errebotean aragoiarrak hasieratik nagusi izan zirelako.

Zaragoza hirukoak sartzen hasi zen, Fiebich eta Atkinsonen eskutik, eta bigarren laurdenean gernikarrek lanak izan zituzten Nerea Hermosa geratzeko. Atsedenaldira, arazoak arazo, 38-29 iritsi ziren, baina hirugarren laurdenean bi partzial kateatu zizkion Basket Zaragozak, Tanaya Atkinsonen bitartez, eta ezin izan zion horri bueltarik eman. Polonian eta datorren igandeko Kutxabank Araskiren aurkako derbian pentsatu behar orain.