GARA Euskal Herriko egunkaria

Komunitatea, legea eta eremu digitala, Euskararen Eguneko aldarrikapenak

Euskararen eta Nafarroaren Eguna izan ziren atzo, bata bertzea gabe ezin. Eremu digitalean euskara gehiago erabiltzeko erronka nabarmendu zuen Lakuak. Akordio sozial eta politiko berri bat defendatu zuten, aldiz, EH Bilduk eta EH Baik, euskalduntze prozesuan jauzia emateko. «Euskararen alde egon baino, egin», eskatu zuten herri mugimenduek, urteko 365 egunetan.

Euskararen Eguneko ekitaldi instituzionala, EAEko lehendakaria buru, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Euskararen eta Nafarroaren Egunean makina bat adierazpen zabaldu zen. Erakundeetatik hasita, ekitaldia egin zuten Donostiako Tabakaleran, Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria buru. Kultura eta Hizkuntza Politika sailak martxan duen Gaitu kanpainan jarri zuten fokua. Eremu digitalean euskararen presentzia areagotzeko asmoz, euskal hiztunei gaitu.eus atarian beren ahotsa grabatzeko eskatzen diete.

Urrian Gaitu martxan jarri zenetik, euskara mundu mailan grabazio ordu gehien pilatzen dituzten hizkuntzen artean hamabigarrena da 131 hizkuntzako zerrendan, italiera eta japoniera gaindituz.

Urkullurekin batera izan ziren Tabakaleran zenbait sailburu. Bertze alderdi politikoetako kideak ere izan ziren, EH Bildukoak adibidez, eta euskalgintzako ordezkariak ere batu ziren. «Makinak eta AA euskalduntzea erronka da, baina oinarrian euskaltzaleon komunitatea dago», azaldu zuen Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak.

BABESGABETASUNA ETA OLDARRALDIA

Euskarak bost egoera juridiko ezberdin izateak normalizazio prozesua trabatzen duela nabarmendu zuten EH Bilduk eta EH Baik elkarrekin plazaratu zuten manifestuan. «Babesgabetasun horrek estatu frantses eta espainolaren esku hartzeari eta euskararen kontrako oldarraldiari bide ematen die». Erantsi zutenez, «oso urriak dira azken urteetan euskararen lege babesean egindako aurrerapausoak: EAEko Euskararen eta Nafarroako Euskararen legeek 40 urte dituzte; Ipar Euskal Herrian, euskara ez da ofiziala».

Azken hamarkadetan ezagutzan aurrera egin dugula baloratu zuten, «baina bereziki euskarak estatus ofiziala duen eremu geografikoetan».

EH Bilduk eta EH Baik «kezka eta desadostasuna» adierazi zuten Araba, Bizkai eta Gipuzkoarako Hezkuntza Legean hizkuntz ereduen politika mantentzeko alderdi batzuek hartutako erabakiarekin.

JAUZIA

Hizkuntza politika ausartak eskatu zituzten EH Bilduk eta EH Baik, euskararen ezagutza orokortzeko eta euskara alor guztietan normaltasunez erabili ahal izateko. Euskalgintzak adierazi duen gisan, euskalduntze prozesuan jauzia emateko akordio sozial eta politiko berri baterako unea dela uste dute. «Azaroaren 4an Bilbon ikusi zen bezala eta 2024ko martxoan Korrikak erakutsiko duen bezala, bide hori egiteko bada aski atxikimendu».

ESKUBIDE UNIBERTSALA

Elkarrekin Podemosek eta Sumarrek euskara doan ikasteko aukera aldarrikatu zuten. Herri mugimenduek ere plazaratu zituzten aldarriak. Gazte Euskaltzaleen Sareak euskara aurrera eraman behar dela adierazi zuen, zonifikazioa bukatuz eta inbertsioak eginez. Errigorakoek eskari bakarra egin zuten: «Jar dezagun bakoitzak gure alea euskara, egunero, bazter guztietan entzuteko!».

Ekitaldiak izan ziren herrietan; adibidez, Tuteran. Eta testigantzak hedatu ziren. «Andaluziako ama baten alaba izanda, agian ezin dut esan nire ama hizkuntza denik. Esan ahal dudana da, harro, nire alaba hizkuntza dela», txiokatu zuen Maider Uriartek.

«Medikuarenean, ama-alaba baztandarrak... «Y esta niña no sabe castellano, ¡pues ya tiene edad!», medikuak, mespretxati. «Pues anda que usted para saber euskara...», amak. Nora Salbotxen kontakizuna.

«Zein ederra alabak haien artean euskaraz hitz egiten ikustea. Eta zein ederra euskara zenbat maite duten ikustea. Gasteiz euskalduntzen ari gara eta harro gaude», idatzi zuen Maialen Agirrek.