GARA Euskal Herriko egunkaria

Euskal Elkargoa gainditzeko, EH Baik akordio zabalak aitzineratuko ditu

Euskal Elkargoan eginiko ekarpena oinarri gisa harturik, estatus handiagoko erakunde batera igarotzeko herri akordioa bultzatuko dute ezkerreko abertzaleek. Hazparnen eginiko Biltzar Nagusian, bestalde, 2026ko herri eta Elkargorako bozetara begira, ahal den «zerrenda zabal» gehien bultzatzeko hautua onetsi dute.

Hazparneko Haritz Barne zinema gelan eginiko Biltzar Nagusian EH Baiko ehun bat ordezkarik parte hartu zuten. (Guillaume FAUVEAU)

Ehun bat lagunek parte hartu zuten Hazparneko Haritz Barne zinema gelan Euskal Herria Baik abenduaren 2an eginiko Biltzar Nagusian.

2023-2026 epealdirako helburu politiko nagusiak biltzen dituen proposamena gehiengo zabalez onartua izan zela nabarmendu du, bileraren ondoren, Mathilde Hary EH Baiko bozeramaileak.

Iazko azaroaren 26an kongresua egin eta gero, EH Baik antolaturiko lehenengo biltzar nagusi horretan erronka nagusia finkatu zuten ezkerreko abertzaleek.

Dagoeneko Baionan ospatu zuen kongresuari begira eginiko eztabaida prozesuan EH Baiko militantziak argiki adierazi zuen Euskal Elkargoaren etapa gainditzeko nahikeria. Bere Biltzar Nagusiak hitzetatik ekintzetara igarotzeko tenorea dela baieztatu du.

«Bilakaera instituzionalaren alde bozkatu du Biltzar Nagusiak, egungo Euskal Elkargoan lan aktiboa egiten badugu ere, gure borondatea eboluzio bat abiatzea delako», laburbildu du egitasmo horren harira Haryk.

Batzarrean onarturiko proposamenak ez du formula zehatz bat hobetsi, nahiz eta, gaitasunen gaineko eztabaida soila gaindituz, estatus politiko gorenaren aldeko apustua jasotzen duen. «Burujabetza prozesuari dagokionez, Euskal Elkargoa baino eskumen handiagoak lituzkeen instituzio bat erdiesteko fasea herri akordio zabal baten bidez abiatzearen eta EH Baik autonomia proposamen bat mamitzearen inguruko proposamenak onartu ziren Biltzar Nagusian», azaldu du alderdiak, atzo plazaturiko oharrean.

Korsikatik eta Bretainiatik heldutako gonbidatuen laguntzaz, lurralde eztabaida mahai gainean eman zuen EH Baik bere udako eskoletan, Itsasun.

«Hemendik aurrera militanteekin eta hautetsiekin gogoeta zabaltzeko prozesua garatuko dugu», zehaztu du Haryk.

2024an bilakaera instituzionalari buruzko «proposamena fintzeko lana» hobetsiko du EH Baik. Lanketa kolektibo horren xedea «etapa berriari ekiteko esparru zabal bat eratzea» litzateke.

BATERA, INSPIRAZIO ITURRIA.

Bere garaian Batera plataformak egin zuen lanak inspiratuko luke bilakaera instituzionalaren aldeko lana. «Bateran adostasun zabala lortu zen estatus bereziko lurralde elkargoa sortzearen alde; horrek pista bat ematen digu, baina badira beste estatus posible batzuk», onartu du Mahilde Haryk, gogoeta partekatuari lehentasuna emanez.

2020ko herri bozek abertzaleentzat aitzinamendu handia ekarri zuten. Geroztik, Uztaritzen, Baigorrin, Itsasun, Ziburun edo Urruñan udal ardurak hartu dituzte. Era berean, ahots gehiago dute Euskal Elkargoan. Edonola ere, lurralde eztabaidan aitzineratzeko asmoz 2026ko bozetan ahal den «zerrenda zabal» gehien aurkezteko anbizioa erakutsi zuen programa politikoaren lanketa martxan emateko agindua eman zuen Euskal Herriko Baiko Biltzar Nagusiak.