GARA Euskal Herriko egunkaria
FIBA EUROCUPA

Bilbao Basket bigarren faseari ekitera doa

Pantzarrek, baikor, lehiaketa nahi du. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Surne Bilbao Basketek gaur arratsaldeko zazpietan ekingo dio FIBA Eurocupeko bigarren faseko ligaxkari. K multzoan daude bilbotarrak Gottingen talde alemanarekin, Portugalgo Oportorekin eta Bulgariako Balkan Botevgrad-ekin batera. Final-laurdenetarako sailkatzea da hurrengo helburua eta, horretarako, ligaxka honetan multzoko aurreneko bi postuetan sailkatu beharra dago.

«Hurrengo kanporaketara iristea da gure xedea. Aurreneko postuan lortuko bagenu, hainbat eta hobeto», onartu zuen atzo Jaume Ponsarnauk neurketa bezperan eman duen prentsaurrekoan.

Izan ere, ohiko irribarrea galdu gabe azaltzeaz gain, aspaldiko partez lasaitu handi samarra hartuta agertu zen Tarregako entrenatzailea, joan den domekan Valentzia Basketen aurka ACB Ligan zuen sei porroteko bolada txar hori behin eta betiko itxi zuelako. Lasaitu berbera erakutsi zuten bere jokalariek ere.

«Unicajaren aurka hain gaizki jokatu eta gero -43 puntu baino ez zituzten saskiratu bilbotarrek-, motibazio handia genuen Valentzian partida on bat jokatzeko. Lortu genuen, bolada txar hori ere amaitu genuen eta, tira, orain sentsazioak askoz hobeak dira», gehitu zuen, bestetik, Melwin Pantzar jokalari suediarrak, ACB Ligako azken jardunaldiko MVP sariaren jabeak.

Nolabaiteko euforiak jota, «FIBA Eurocup txapelketa irabaztea da gure helburua», bota zuen antolatzaileak, nahiz eta gero Jaume Ponsarnauk jokalariaren beroaldi hori apur bat hozteko ahalegina egin.

GOTTINGENEN ARRISKUAK

Gottingen taldeari so, Jaume Ponsarnauk aurkarien hiruko jaurtiketei jarri zien arreta handiena.

«Puntu asko sartzen duen taldea da eta, beraz, erasoan hiruko jaurtiketak sartzeko abilezia hori nolabait mugatu beharko dugu, batik bat pibotei dagokienez. Alabaina, guk ere puntu asko sartzea ahaztu gabe jokatu beharko dugu, Gottingenek oso berea baitu puntu askorekin amaitzea partida bakoitza», azpimarratu zuen azkenik entrenatzaile katalanak.