GARA Euskal Herriko egunkaria

Diskurtsoa gogortu du COP28ak, baina fosilen aldeko lobbyak asko dira

Erregai fosilen kontrako diskurtsoa gogortu du COP28ak, horiek «desagerrarazteko» eztabaidari ekiteko proposamena jasotzen baitu zirriborro batean. Neurri honek negoziazio-mahaian iraungo ote duen, ostera, zalantzazkoa da. Txosten batek ohartarazi du Dubaiko gailurrean gehiago direla erregai kutsatzaileen lobbyak, horiek amaiarazi nahi dituzten ordezkariak baino.

Erregai fosilen aldeko lobbyak seinalatu zituzten atzo, Dubain egindako protesta batean. (Karim SAHIB | AFP)

Erregai fosilen kontrako diskurtsoa zorrozteko aukera zabalduko du COP28ak, horiek «desagerrarazteko» eztabaidari ekiteko proposamena jasotzen baitu dokumentu batek. Hala ere, jarrera hori zalantzan jartzeko arrazoiak gero eta gehiago dira: ikerketa batek erakutsi du energia kutsatzaileen lobbyen presentzia inoiz baino handiagoa dela Dubain egiten ari diren goi-bileran.

COP28ak Balantze Globalaren proposamenaren bigarren zirriborroa argitaratu zuen atzo. Dokumentu hau izango da herrialdeen edo bestelako agenteen Parisko Akordioaren betetze maila zehaztuko duena eta bertan jasoko dira berotze globalaren aurkako proposamen eta neurriak.

Bada, azken zirriborroak, orain artean NBEren klima gailurretan ohikoa dena baino hizkera gogorragoa darabil, eta erregai fosilak desagerrarazteko prozesua abiatzeko aukera jasotzen du. Zehatzago, eztabaidatu beharreko zenbait gai jasotzen ditu zirriborroak, eta horietako bat da erregai fosilen erabilera amaiarazteko aukera.

Beste proposamen batzuk ere jasotzen ditu; besteak beste, eraginkortasun energetikoaren hobekuntza-tasa bikoiztea eta energia zikinei emandako laguntza «ez eraginkorrak» amaitzea.

Hain zuzen ere, hainbat aktibistak protesta egin zuten atzo Dubain, «erregai fosil guztien desagertze osoa, justua, finantzatua eta feminista» eskatzeko.

LOBBYEN ERREKORRA HAUTSITA

Zirriborroaren argitalpenak COP28aren anbizioa goratu bazuen ere, ikusteko dago zenbat denboran eutsiko dion energia fosilak desagerrarazteko proposamenak Balantze Globala ontzeko prozesuan. Izan ere, Dubaiko gailurrean energia honen aldeko lobbyak gehiago dira, hori desagerraraztea nahi duten herrialdeak baino.

«Erregai fosilen presio-taldeek klimaren aurrean ahulen diren hamar nazioetako delegatu guztiek (1.509) baino sarrera gehiago jaso dituzte COP28an», dio Kick Big Polluters Out (Bota kutsatzaile handiak) taldeak atzo argitaratu zuen txostenak.

Horrek dioenaren arabera, orain arte klima-gailurretan erregistratu den energia kutsatzaileen «lobbyen» errekorra hautsi du Dubaiko goi-bilerak. Goi-bileran dira erregai fosiletako enpresen 2.456 ordezkari; hala, industria hau delegazio bat balitz, topaketako hirugarren handiena izango litzateke.

Dokumentuak zehazten du, halaber, erregai fosilen industriarekin loturak dituzten (hamar pertsonatik bederatzi) ordezkari gehienak Iparraldeko herrialdeetakoak direla, hau da, potentzia ekonomiko nagusietakoak.

ETA ISURIEN ERREKORRA IRISTEAR

COP28ko asmo eta anbizioen irismena kolpetik lausotzen duen beste bi azterlan argitaratu ziren atzo. Bata, mundu osoko 90 erakunde zientifikok egindako Global Carbon Budget txostena. Honek adierazten du atmosferara isuritako CO2 guztia, murriztu beharrean, errekor berri batera iritsiko dela 2023an, 40.900 milioi tonarekin. 2022an, 40.600 milioi tona CO2 isuri ziren.

«Saihetsezina dirudi Parisko Akordioaren 1,5°C-ko helburua gainditzea», ohartarazi zuen Exeter Global Systems Institute erakundeko Pierre Friedlingstein irakasleak eta txostenaren zuzendariak.

Lan honek adierazten du CO2 emisioak murrizten ari direla eskualde batzuetan, Europan edo Estatu Batuetan esaterako, baina maila globalean gora egiten ari direla. Zientzialariek baieztatu zuten erregai fosilak murrizteko ekintza globala ez dela gertatzen ari klima aldatzen ari den abiaduran.

Bestalde, Munduko Meteorologia Erakundearen (MME) txosten berri batek ohartarazi zuen 2011-2020ko hamarkada erregistroak daudenetik beroena izan dela, batez besteko tenperaturak industria arokoak (1850-1900) baino 1,1 gradu altuagoak izan baitziren.

Halaber, hamarkada horretan, itsas maila urteko 4,5 milimetroko erritmoan igo zen munduan, aurreko hamarkadan baino 2,9 milimetro gehiago. MMEren arabera, igoera hori batez ere Groenlandiako izotz mantua urtzeagatik izan zen, eta, neurri txikiagoan, glaziarrak urtzeagatik eta ozeanoak berotzeagatik.