GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren fantasia


Fantasian erori al da Gerediaga Elkartea Durangoko Azokari lelo horren aterpea eman dionean? Fantasian oinarritzea zentzuz jokatzea al da? Adiera asko ditu fantasia hitzak. Horietako hainbat modu baikorrean har daitezke; beste askok, ordea, ezkortasunaren bidetik garamatzate. Fantasiaz erdi beteta egon gaitezke, edo fantasiaz erdi hustuta.

58 urte bete ditu Azokak, baina ez dut uste garai hartako ametsari fantasia deitu ahal zaionik, ezta “fantasia hura errealitate bihurtu denik” ere. Fantasiatik urruti samar dago euskal kultura orokorrean. Bai, sortzaile berriek ilusioa izatea ezinbestekoa da, baina bakarrik liburuen usainarekin, diskoen koloreekin, kulturazaleen irribarrearekin, boluntarioen lanarekin eta topatutako lagunak ikustearekin ez goaz inora.

Euskal kulturak arazo larriak ditu, eskerrak Durangoko Azoka dugun, baina ez dago fantasiarako abagunerik, alde guztietatik erasoak jasotzen baititu euskarak (epaileak, botere politiko, sozial eta ekonomikoak).

Lehendik ere arnasestuka genbiltzan euskararekin, eta hizkuntzaren normalizazio politikek txikitu eta txikiagotu egiten dute gure jarduna. Azokara doazenen erdiak inguru elebakarrak dira. Egoera horrek ezin du onartu fantasia izpirik. Euskaraduna beti galtzaile eta eskubide gutxirekin. Gureak beti urratuta. Ongi dago ametsak izatea.