GARA Euskal Herriko egunkaria
EDITORIALA

Erabiltzea eta partekatzea, iraunkortasunen bidean


Autobus geltoki zaharrean, ekonomia justuagoa eta solidarioagoa sustatzea helburu duen Geltoki proiektuak tresna-liburutegi bat jarri du martxan, «Trastoteka», sustatzaileek deitu duten bezala. Ideia erraza da. Trastotekan astebetez prezio sinboliko batean alokatzen diren tresnak biltzen dira. Lantxo bat egiteko, konponketaren bat burutzeko edo ekitaldiren bat antolatzeko tresnaren bat behar duten pertsona guztiek eskuragarri dauden tresnetakoren bat alokatu besterik ez dute.

Oso proiektu interesgarria da. Bertan jasotzen direnak kasu gehienetan oso noizean behin erabiltzen diren tresnak dira, baina, hala ere, trastelekuak eta garajeak betetzen dituzte, hautsa pilatuz eta lekua hartuz. Industriak sortutako egungo kontsumo-gizartearen albo-kalteak dira. Izan ere, mota guztietako salgaiak fabrikatzeko ahalmen gero eta handiagoari irtenbidea emateko, industria-gizartea kontsumo-gizarte bilakatu zen. Zulagailu baten motorra ekonomiaren eredu hau jasanezina denaren paradigma izan daiteke. Seguruenik, gaur egungo gizartean gutxien erabiltzen den motorra izango da, baina fabrikatzeak lehengaien, makineriaren, energiaren eta lanorduen gastu handia dakar, ia erabiliko ez den tresna bat ekoizteko. Ekonomiaren ikuspuntutik, horrek ez du zentzurik. Askoz interesgarriagoa litzateke, adibidez, goldeak edo ur-ponpak egitea Hegoaldeko herrialde globaletarako. Arazoa da lehenengoek irabazi onak ziurtatzen dituztela, eta bigarrenek, aldiz, ez. Mozkinak ekoizteko produkzioaren paradigma begi bistan uzten du Iruñeako proiektu berriak.

Krisi klimatikoak agerian utzi du jarduera ekonomikoak planetaren muga biofisikoekin talka egin duela. Testuinguru honetan, halabeharrez, ikuspegi ekologikoagoa txertatu beharra dago gaur egungo ekonomian. Geltokiren ekimena baina, haratago doa. Trastotekak azpimarratzen du helburua ez dela zulagailu ekologikoagoak egitea, orain arte bezala erabiltzen jarraitzen badira. Garrantzitsuena da dagoenari beste erabilera bat ematea. Honek beste instituzio batzuk sortzea -partekatzea esate baterako- eskatzen du, ekonomia bera iraunkortasun irizpideetatik berreraiki ahal izateko.