GARA Euskal Herriko egunkaria
DURANGOKO AZOKA 2023

Goranzko joerari eutsi dio Azokak

Urte zailak ekarri zituen izurriak. Haiek gaindituta, baikor aurkitu genituen atzo kulturgintzako ordezkariak, Gerediaga Elkarteko zein Euskal Herriko argitaletxeetako eta diskoetxeetako kideak, Azokaren amaieran. Eta kulturazaleek badute datorren urtean agendan gordetzeko data: abenduaren 5etik 8ra egingo da Durangoko Azokaren 59. edizioa.

Irudi politak utzi ditu aurtengo Azokak. (Gorka RUBIO | FOKU)

«Pandemiaren osteko urterik onena da hau, zalantzarik gabe. Tendentziak dira garrantzitsuenak. Koska bat jaitsita ez gara hor gelditu, errekuperatze bidean goaz». Gari Arzallus Erein argitaletxeko kudeatzaile berriaren hitzak dira. Gainerako editoreen artean ere poza gailentzen zen atzo.

Berdin Gerediaga Elkarteko kideen artean. Azokaren osotasuna indartu eta berretsi izana nabarmendu zuten Landakoko ateak ixtear zirela. «Aurreikusi bezala, azoka gaztea izan da. Izan ere, deialdiari erantzun ona eman diote kulturazale gazteek, eta Durangoko Azokara batu dira. Aurkezpenak jarraitzen eta erakusmahaietan kuxkuxeatzen ikusi ditugu egunero, eta zer esanik ez abenduaren 8ko jardunaldian, eurei eskainitako Gazte Eztanda egunean. Azokako partaideek ere nabarmendu dute gazteek erakutsitako interesa. Euskararen eta euskal kulturaren transmisioan ekarpena egingo dugu aurrerantzean ere, eta aurtengo Azokak zeregin horretan jarraitzeko indarra ekarri du», adierazi zuten.

«ASEBETETA»

Antolakuntza pozik dago emaitza orokorrarekin. «Baita asebeteta ere, postua jartzera etorri diren partaideen balantzea positiboa izan delako. Salmentak onak izan dira. Gainera, kulturazaleek jakin-mina erakutsi dute. Beste behin ere, Durangoko Azoka euskal kulturaren erakusleiho izugarria izan da».

Gerediagarentzat esanguratsua da, halaber, interesa sortu duten gaien aniztasuna. «Adibidez, gizarte gaiak eta emozioen lanketa jorratzen dituzten liburuen bila etorri dira gazte asko. Musikaren arloan, talde ezagunek jende piloa erakarri dute, eta hasiberriek euren lana ezagutzera emateko plaza bezala erabili dute Azoka. Musikazaleak han eta hemen ibili dira. Eraldatzen dabilen sektorea da musikarena, eta zenbait kasutan biniloek CDek baino arrakasta gehiago izan dute».

Elkar argitaletxearen arduradun Olatz Osari irribarrea piztu zitzaion aurpegian aurtengoa zer moduz joan den galdetzean. «Jendea erostera etorri da eta aurkezpenetan ere publiko dezente ibili da». Autore salduenen artean Karmele Jaio (“Maitasun kapitala”), Jasone Osoro (“Arrakasta”), Uxue Alberdi (“Belarriko kilkerrak”), Miren Agur Meabe (“Itzulerak”) eta Marjane Satrapi (“Persepolis”) -Irene Arrarasek euskarara ekarria- aipatu zizkion GARAri.

Emakumeak nagusi. «Bai, bada garaia argia emateko euren lanari. Ondo merezita dute, kalitatezko obrak dira, atzean lan handia dago», nabarmendu zuen.

Pamielak arnas luzeko ibilbidearen jabe diren hiru autore ekarri ditu: Joseba Sarrionandia (“Markos Gimenoren 101 letrakartel”), Bernardo Atxaga (“Paradisuaren kanpoko aldeak”) eta Arantza Urretabizkaia (“Azken etxea”). Hirurak daude argitaletxearen top zerrendan, azkena bereziki.

Ereinen standean, Yolanda Larreategiren “Puta gorda” album ilustratua dago salduenen artean. Goiatz Labandibarren “Bekatua” agortu egin da.

Susako editore Leire Lopez Ziluaga ez zen ausartu izenik ematen. «Oso paretsu ibili dira liburu asko eta guretzat pozgarria da. Eta aurreko izenburu batzuk ere salduenen zerrendan daude». Txalapartan Ahoztar Zelaietaren “La Ertzaintzari que viene” eta Yurre Ugarte eta Martin Ribasen “Iris XXII” komiki liburua saldu dira gehien. Alberdaniako kidea da Oier Etxebeste. «Harrera beroa izan dugu». Telmo Lazkanoren eta Maitane Ormazabalen “Nerabeeen garrasia”, Eneko Aizpuruaren “Gaueko azken espressoa” eta Irene Solaren “Begiak eman nizkinan eta ilunbeei behatu hien” izan dira gehien eskatu direnak.

Katakrak argitaletxearen postuan bell hooks-en “Transgresioa irakasgai” eta Friedrich Engelsen “Etxebizitzaren auzia” daude salduenen artean. Hedoi Etxartek garbi zioen: «Ez dugu horrelako Azokarik ezagutu. Gu bi standetik hirura pasa gara Katakraken hamargarren urteurrenean. Nobedadeetan mugimendu handia izan dugu, baita funtsean ere».

Indartsu hasi zituen lehen egunak, eta lasaiago joan dira azken biak. Asteazkenean eta ostiralean izan ziren betekada handienak. Horrek izan al zuen islarik salmentan ala bisitariak nahiago du korridoreetan eta salmahaietan lasaiago ibili? Hauxe galdera. Erantzunak, denetarikoak. Pamielak ostirala egun onena izan zuen. Baita Susak ere. Baina oro har aurten ez dute salmentari dagokionean urterik onenetakoa izan. «Jakinaren gainean etorri ginen. Idazleen araberakoa izan ohi da. Pozik gaude, izan ere, espero genuena baino gehiago saldu dugu. Baina iaz asko saldu genuen», azaldu zuen Lopez Ziluagak.

Txalapartako editore Garazi Arrularen esanetan, euren salmahaian «ez da korrelaziorik egon egun jendetsuenaren eta salmenten artean. Ostirala ez zen bereziki emankorra izan».

«ALAIA ETA BIZIA»

Azoka «alaia eta bizia» bezala definitu zuen Osak aurtengoa. Editore denak bat datoz. Salerosketaz harago, autorea, hartzailea, argitaratzailea, diskoetxea... ekosistema guztia saretzeko ematen duen aukera paregabea da. «Azoka nazionala da eta gauza askotarako balio du, elkarlan asko aurrekozinatzen da hemen, kontaktuak egiten dira, askotan aurpegia jartzen diogu elkarri, gauza askotarako plaza da». Pamielan editore lanetan hasi berria da Lander Majuelo. «Aukera bakarrenetarikoa da irakurlea autoreekin hizketan egoteko. Frantzian eta azokatan mahaitxo bat jartzen dute autoreek sinatzeko. Azokan modu naturalagoan gertatzen da». Susako Leire Lopez Ziluagarentzat baliagarria da «euskal irakurlea aldatuz nola doan ikusteko». Bere esanetan, sinadurak salmentan laguntzen du publikoarentzat idazlearena aurpegi ezaguna den kasuetan bakarrik.

MUSIKAREN AHOTSAK

Nekea baina, era berean, poza zen nagusi musikagintzaren sektorean ere. Aurtengo edizioari zukua atera diote gehienek: etekin ekonomikoak, batez ere batzuek -jende ilarak salmentetan islatu dira-; ikusgarritasuna, denek. Egunik onena, salmentei dagokionez, zein izan da? Galderari erantzun bera denek: ostirala, zalantzarik gabe.

Izaro Andres “Cerodezero”, bere lanik “osoena” sinatu eta sinatu ibili da egunero Landakon. «Niretzat hau Azokarik onena izan da. Salmenten aldetik, beste urteekin alderatuta, hirukoitza saldu dugu. Pila bat saldu dut, jende ugari etorri delako eta marabilla bat izan da, barbaridade bat. Batez ere ostiralean saldu da gehien, baina aurtengo egunik flojoenean beste urteetako egunik indartsuenean baino gehiago saldu da. Oso garrantzitsua da Azoka, birika ekonomikoa da», aipatu zigun.

Ilara luzeak sortu zituen beste talde bat Bulego izan da. “Aldatu aurretik” disko berriarekin besopean iritsi ziren Durangora. «Gu urtero desiratzen egoten gara Azoka iristeko, zeren urtean zehar ez dugu denborarik izaten jarraitzaileekin bertatik bertara hitz egiteko eta beraien esperientzien berri izateko. Agertokitik ez dakigu publikoak nola bizitzen duen, kantuek zein eragin duten haiengan... eta hau oso polita da», esan ziguten.

Eta Azoka errentagarria al da? «Gehiena hemen saltzen da, Durangon, diskoak ez direlako kontzertuetan horrenbeste saltzen. Egia da Durango diskoak eta CDak saltzeko aukera polita izaten dela, eta ekonomikoki errentagarria oso».

ETS, JON MAIA...

«0stirala mundiala izan zen», argi zuen Iker Aginagak, Baga Biga argitaletxeko arduradunak. Ilara luze-luzeak ikusi ditugu egunero ETSren sinadura jasotzeko. «Diskoaren bigarren urtea izateko, ETS oso ondo dabil. Ez dakit zenbat saldu duten, baina agian izango da aurten ere salduena. Oso pozik gaude, ez genuelako espero». Eta musikaren krisiarekin zer pasa da? «Zuzenekoak izaten dira gehien saltzen den tokia. Zuzenekorik gabe eta Azokarik gabe euskarri fisiko gutxi [cd-ak, biniloak...] salduko genituzke».

Andres Kamio, “Jitu”, Elkar argitaletxeko musika arduraduna ere, pozik: «Oso ondo joan da. Jende piloa mugitu da Azokara, eta hori islatuko da salmentetan. Datu zehatzik ez dugu oraindik, baina ikusten dugunarengatik ematen du salmenten aldetik ondo joan dela. Halere, nik azpimarratuko nuke ez dela izan bakarrik salmentetan, baizik eta beste ekitaldi guztietan ere Azokak ‘sold out’ egin duela: aurkezpenetan, kontzertuetan... Jendeak gogoz hartu du Azoka».

Edizio hau hunkigarria izan da askorentzat, arrazoi desberdinengatik. Batzuentzat azken Azoka izango delako, Esne Beltza kasu. «Une politak bizi izan ditugu. Aurrekoan bikote bat etorri zen esanez ezagutu zirela Esne Beltzaren kontzertu batean... eta umeekin zetozen». “Joer ze zaharrak garen”, zioen Lova Loisek, beste batzuentzat lehena delako, hasi berriak diren Akaleia eta Intza bezala. Eta denak pozarren.

Landakok itxi ditu ateak. Orain Zu Non, Han DA! egitasmoaren txanda da abenduaren 20ra bitartean. Euskal Herriko 88 liburu dendatan Azokako nobedadeak ezagutaraziko dira eta 27 aurkezpen egingo dira.