GARA Euskal Herriko egunkaria

«Konponbidearen ateak irekitzeko», U13an Bilbo betetzera deitu dute gazteek

Euskal presoei oraindik ere ezartzen zaizkien traba eta salbuespen neurriekin amaitzeko, gazteek giltza izan nahi dutela aldarrikatuta, urtarrilaren 13ko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuten.

«Konponbiderako giltzak» ekimenari atxikimendua eman zioten gazteek. (Marisol RAMÍREZ | FOKU)

Bilbon eginiko agerraldi batean, Sarek urtarrilaren 13rako deitu duen manifestazioari babesa adierazi zioten atzo hainbat gaztek. Euskal presoei oraindik ere ezartzen zaizkien salbuespeneko neurriekin amaitzeko bidean «konponbiderako giltzak» izan nahi dutela aldarrikatu dute.

Adierazi zutenez, egungo gazteek ez dute bizi izan «gure herrian urte luzez iraun duen gatazka armatua», baina haren «ondorioak ezagutu eta gutako askok pairatzen ditugu oraindik ere». Izan ere, «gaur egun gatazka horretatik eratorritako egoera bidegabea eta giza eskubideen aurkakoa pairatzen jarraitzen dute euskal presoek». Azken urteotan euskal presoen eskubideen aitortzan «aurrerapauso garrantzitsuak» eman direla nabarmendu zuten, tartean urruntzearen amaiera, baina oraindik «beste hainbat salbuespen neurri» indarrean direla ere oroitarazi zuten.

«Ez dauka inolako zentzurik», azaldu zuten, «ETAk bere jarduera amaitu zuenetik 12 urte eta desegin zenetik 5 urte igaro ondoren, terrorismoaren aitzakiapean euskal presoen zigorrak areagotzeko espresuki sorturiko salbuespenezko legedia baten ondorioz bizi osorako zigorrak aplikatzea, gaixo dauden presoak espetxean mantentzea edo Estatu frantsesean espetxeratuta egondako urteak kontuan ez hartzea, zigorra birritan betetzera behartuz». Ildo horretan, gaitzetsi zuten, legeek zehaztutako baldintzak betez, «ibilbide penitentziarioan aurrerapausoak ematea galarazten dieten erabaki judizialek» ez daukatela inolako zentzurik egungo testuinguruan.

Egoera honek «bereziki kezkatzen» ditu gazteak: «Eskubideen urraketaren eta salbuespen legediaren ateak itxi eta konponbidearen ateak irekitzeko giltza izan nahi dugu». Horregatik, Bilboko kaleak betetzera dei egin zieten gazte belaunaldi guztiei.