GARA Euskal Herriko egunkaria

Azken poema


Azaroaren 1ean, Refaat Alareerrek poema bat zabaldu zuen gizarte sareen bidez, irakurleei adieraziz agian idatziko zuen azkenengo poema zela.

Horrela zioen poemak: «Hil behar badut / zuk bizi behar duzu / nire istorioa kontatzeko / nire gauzak saltzeko / oihal zati bat / eta hari batzuk erosteko, / (zuria egizu, isatsa luzekoa) / ume batek, Gazan nonbaiten / zeruari zuzenean so egiterakoan / supituki alde egindako aitaren zain dela— / ez zion inori agur esan / ezta bere odolekoei ere / ezta berari ere— / kometa ikusi, zuk egindako nire kometa, goian hegan / eta une batez pentsa dezan aingeru bat dagoela hor / maitasuna bueltan ekarriz/ Hil behar badut / itxaropena ekar dezala / ipuin bat izan dadila».

Bere bizipenei buruz ingelesez idazteko hautua hartu zuen Gazako idazle eta poeta belaunaldi gazte bateko kide ezagunenetako bat zen Alareer.

“We are not numbers” (Ez gara zenbakiak) proiektuaren sortzaileetako bat izan zen, Gazako idazleak eta atzerriko aholkulariak bikoteka jartzen dituena, azken horiek lehenengoei idazketan lagun diezaieten. Ekimen horren emaitza da “Gaza Writes Back” (Gazak erantzuten du) testu bilduma.

Azaroaren 1ean, Alareerrek 44 urte zituen eta ingeles literaturan irakasle zen Gazako Unibertsitate Islamiarrean. Handik sei egunetara Israelgo armadak hil egin zuen.