GARA Euskal Herriko egunkaria

Atzotik 107 udalek osatzen dute UEMA, 342.000 biztanleko gune euskalduna

Kide berriak UEMAko lehendakariarekin. (Jon URBE | FOKU)

Azkoitia, Berrobi, Hondarribia, Lezo, Mendexa eta Zeanuri UEMAko kide dira atzotik.

UEMAk batzar nagusia egin zuen atzo Orion. Besteak beste, 2023aren balantzea aztertu eta 2024rako egitasmo nagusiak onartu zituzten.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitatera gehitzeko herri berriek egindako eskaerak ere onartu zituzten. Era horretan, atzotik aurrera UEMAko kide dira beste sei herri ere. Zehazki, oraintxe 107 udal daude mankomunitatearen barnean, guztien artean 342.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dutela.

Aurtengo balantzean zenbait lan nabarmendu zituzten: hamar herri gehitzea; agintaldi aldaketa; udaletako erabilera planak; Hedatu hezkuntza proiektua sistematizatu izana irakasle, ikasle eta gurasoen artera zabaltzeko; Salto! udalekuak izandako harrera ederra; euskara eta kulturartekotasuna uztartzeko proiektua beste 13 herritara zabaldu izana; Arnasa Gara ekimenean Lakuarekin eta Nafarroako Gobernuarekin sendotutako lankidetza; eta UEMAren ikerketa lerroari emandako bultzada eta garrantzia.

2024ko egitasmoen artean, berriz, honakoak nabarmendu dituzte: Nafarroako udalerri euskaldunak UEMAra gehitzeko plangintza, maiatzaren 18an izango den Udalerri Euskaldunen Eguna; kulturartekotasuna lantzeko egitasmoa beste herri batzuetan zabaltzen segitzea; arnasguneei buruzko topaketak edota herritarrak ahalduntzeko eta sentsibilizatzeko saioak.