GARA Euskal Herriko egunkaria

Gernika-Lumoko EH Bilduk zentsura mozioa aurkeztea proposatu dio EAJ-ri

Jose Maria Gorroñoren aurkako zentsura mozioa aurkezteko proposamena egin dio EH Bilduk EAJri Gernika-Lumon. Gorroño Alkatetzan dago, nahiz eta EAJrekin zuen akordioa legegintzaldi hasieratik hautsita egon. EH Bilduk atzo ohar bidez adierazi zuenez, EAJk «prestutasuna» adierazi du.

Gorroño, bere aldeko bozka ematen ekainaren 17ko udal eraketan. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Jose Maria Gorroño Gernika-Lumoko alkatetzatik kentzeko proposamena egin dio EH Bilduk EAJri, zentsura mozioaren bidez. EH Bildu postu horretatik kentzeko EAJrekin lortu zuen akordioari esker iritsi zen boterera Gorroño (Guztiontzako Herria), baina akordio hau hautsitzat eman zuen urriaren hasieran. Itunaren arabera, Gorroño alkate izendatu ondoren erretiratuko litzateke, Iñaki anaiak kargua oinordetzan hartzeko.

Mugimendu horrek aspaldi egina behar zuela iritzi zuten EAJn, baina iristen ez zenez, ezinegona sortu zuen jeltzaleen artean, eta Gorroñok berak hautsi zuen akordioa.

Orain, EH Bilduk, maiatzeko hauteskundeetan indar bozkatuena izan zenak, zentsura mozioa aurkeztea proposatu dio EAJri. «Zentzura mozioa da, gaur-gaurkoz, gobernagarritasuna bermatu dezakeen aukera. Honek ez du baztertzen, inondik inora, udalbatzan ordezkaritza duen Guztiontzako Herriarekin elkarlana bilatzea», adierazi zuen atzo koalizioak. «Indar bozkatuena izateak ematen digun arduratik, zentsura mozioa aurkeztu eta Jose Ramon Bilbao Catalá “Buli” alkate izan dadin proposamena egiten dugu», adierazi zuten.

Baieztatu zutenez, EAJ prest agertu da balizko zentsura mozioaren parte izateko. «Gure helburua Gernika-Lumok aurrera egitea da, aro politiko eta instituzional berriari ateak irekitzea. Horregatik, erantzukizun politikoagatik eta Gernika-Lumok eta gernikarrok merezi dugulako, herria martxan jartzeko lan egingo dugu», esan zuten.

Egonkortasun eza

Azken hilabeteen erradiografia egitean, EH Bilduk adierazi zuen «joan den astean bertan berriz ere eskua luzatu» ziela Guztiontzako Herria eta EAJ alderdiei, «proiektuak egikaritzen lagunduko duen udal aurrekontua adosteko».

Azken hilabetean harremanak «areagotu eta emankorragoak» izan direla baloratu zuen EH Bilduk, «bereziki EAJrekin, gobernagarritasun akordio bat sinatzeko puntuan egoterainokoak».

NAIZ Irratian Jose Ramon Bilbao 'Buli' EH Bilduko ordezkariak azaldu zuen asmoa egonkortasuna bermatzeko gobernu indartsua osatzea dela. «Hiru urterako gobernagarritasun akordioa prest dugu EAJrekin Gernikan».

Itxaso Atutxa Bizkai Buru Batzarreko presidenteak ostiralean Radio Euskadin emandako elkarrizketa batean antzeko analisia egin zuen, Gernikako Udala «paralisi egoeran» dagoela baieztatu baitzuen. Horrela, adierazi zuen EAJk ez duela baztertzen zentsura mozioa.

Andonio Ortuzar EAJko buruak ere ostiralean bertan onartu zuen badela aukera bat, baina beste tresna batzuk hobeak izan daitezkeela. Akordioa ez betetzeaz gain, alkate lana behar bezala ez egitea leporatu zion Ortuzarrek Gorroñori. Egoera horren aurrean, jeltzaleek arduraz jokatuko dutela adierazi zuen, «konponbiderik onena aurkitzeko».

Gorroño, «oso lasai»

Gorroño alkatea «oso lasai» agertu zen. Baieztatu zuen EAJk «hitzartutakoa betetzen badu», berak ere egingo duela. Harridura agertu zuen «elkartuko direlako, elkartzen badira, bata bestearen aurkakoak diren bi eredu».

Desberdintasunen artean dago, besteak beste, Urdaibaiko Guggenheimen inguruan duten ikuspegia. Gorroñok «aulki banaketa» baino ez dela izango adierazi zuen: «Zer da nahi duena? Aulkiak banatu? Ba hor dauzkate, banatu ditzatela».