GARA Euskal Herriko egunkaria
GAURKOA

«Good Jobs»


Industria politikaren itzulera ikusten ari gara, laurogeiko hamarkadaren erdialdean hasitako basamortuko zeharbide liberalaren ondoren. 2008ko krisialditik aurrera, erakunde publikoek jarduera esparruak antolatu dituzte ekoizpen adar edota enpresa espezifikoak bultzatzeko eta laguntzeko. Batzuk lehenagotik zetozen, hala nola kluster politikak, eta beste batzuk izaera sektorialagoa eta diskrezionalagoa hartzen joan dira, hala nola Espezializazio Adimenduneko Estrategia (RIS3) berrikuntzarako erregio politiketan. Ekoizpen ehuna birbideratzeko edota eraldatzeko jarduera publikoak gero eta zilegitasun handiagoa hartzen ari dira.

Esparru akademikoan, ekintza publikoari zuzentze -eta subsidiariotasun- eginkizuna ematen zioten eta merkatu akatsetan oinarritzen ziren teoria neoklasikoen justifikazio esparrua gainditzen duten ekarpenak sortu dira. Hala, ekarpen horiek elementu justifikatzaile berriak eskaini dizkigute: administrazio publikoaren izaera ekintzailea; berrikuntzan eta inbertsioan jarduteko beharra, instituzioetatik dinamizatutako eta misioetara bideratutako proiektuen bidez; lankidetza publiko-pribatuaren orekatze bidezko baten beharra... Beste ekarpen batzuek izaera sozialagoa hartzen dute, eta industria politikatik enplegu onak (good jobs) sortzeari begira jarduteko beharra defendatzen dute; izan ere ongizate estatuaren ohiko politikak -hezkuntza, gaikuntza, zerga ordainketa progresiboa eta gizarte asegurua oinarri dituztenak- berez ez baitira nahikoa gaur egungo inklusioaren erronkari aurre egiteko.

Ekarpen multzo horretan sakondu aurretik, «enplegu onak» kontzeptuaren definizioari heldu behar zaio. Kontzeptu horrek nolabaiteko antzekotasuna du «enplegu duina» kontzeptuarekin, Lanaren Nazioarteko Erakundeak sortu eta Nazio Batuen Garapen Iraunkorreko Helburuen agendan sartutakoarekin. Enplegu duinak esan nahi du pertsona guztiek aukera dutela ekoizpen jarduera bat egiteko, bidezko diru sarrera, segurtasuna lantokian eta familientzako gizarte babesa eskainiko dituena, garapen pertsonalerako aukera hobeak eskainiko dituena eta gizarteratzea erraztuko duena. Bestalde, Dani Rodrik eta Stefanie Stantcheva (2021: “Fixing capitalism’s good jobs problem”) bezalako autoreak harago doaz, eta enplegu ontzat jotzen dituzte klase ertaineko bizi maila, soldata nahikoa altua, onurak, autonomia pertsonaleko arrazoizko mailak, segurtasun ekonomiko egokia eta promozio profesionala ematen dituztenak.

Berriki, lehen ministroaren mendekoa den France Stratégie azterketa prospektiborako erakundeak, "Qualité de l'emploi: une question de métiers?" azterlana argitaratu du. Azterlan horretan, Estatu frantseseko enpleguaren kalitateari buruzko azterketa zehatza ematen da. Txostenaren balio nagusia herrialdeen arteko konparaziorako eta enpleguaren kalitatearen jarraipena denboran zehar egiteko tresnak eskaintzea da, bolumenari eta kantitateari buruzko datu klasikoetatik harago. Nabarmentzekoa da enplegu onen kontzeptua zehatz-mehatz mugatzeko egindako ahalegina. Hala, enpleguaren kalitatearen konfigurazioaren arabera sei taldetan sailkatzen ditu 87 lanbide familia, zuzendariengandik hasi eta etxeko langileetaraino. 24 adierazleren arabera egiten dute, lansariei, lan baldintzei, ordutegiei, lan ibilbide perspektibei eta ordezkaritza kolektiboari erreparatzen diotenak. Gainera, azterlanak irmoki baieztatzen du: ez dago pentsatzerik enpl guen kalitatea merkatuko mekanismoen bidez hobetu daitekeenik.

Terminoaren mugaketaren arazoa ebatzi ondoren, industria politika enpleguaren kalitatea hobetzeko helburuarekin lotzen duten autoreek egiaztapen enpiriko bat dute abiapuntu: 1995-2015 aldirako ELGEren estatistika erregistroek erakusten dute gainbeheran dagoela kualifikazio ertaineko lanpostu kopurua herrialde aurreratu nagusietan. Kapitalismo garaikidearen ezintasuna enplegu on kopuru egokia sortzeko adierazten dute datuek. Ekitate arazoa eta adarkatze zabaleko gizarte eta politika arazoa izateaz gain, ekonomiaren eraginkortasunerako eta hazkunderako ere arazoa da, berrikuntzaren hedapena moteltzen baitu sektore eta enpresa aurreratuenetatik ekonomiaren gainerako sektoreetara.

Desberdintasun eta segurtasun ekonomikoaren arazoari heltzeko orduan, ongizate estatuaren eredu tradizionalak bi ardatzetan jardun ohi du: alde batetik, lan merkatuetan sartu baino lehen, langileen hezkuntzan eta beste dotazio batzuetan eragiten; eta, bestetik, a posteriori errenta birbanatzen, zergen eta gizarte segurantzako politiken bidez. Eztabaidaren muina, ia modu esklusiboan, da nola heldu pobreziari oinarrian eta diru sarreren kontzentrazioari gailurrean. Baina ez da nahikoa. Aipatutako autoreek ikuspegi osagarri bat defendatzen dute, ekoizpen eremuan zuzenean esku hartzeaz arduratuko dena, kualifikazio ertaineko enpleguen eskaintza zabaltzeko, hau da, enpresek lanpostu on kopuru egokia eskain dezaten. Horretarako, lau erpinetako estrategia proposatzen dute: i) enplegu emaileei lotutako lan merkatuko politika aktiboak; ii) enplegu onak sortzera zuzenean bideratutako industria -eta eskualde- politikak; iii) lanarekiko adiskidetsuak diren teknologiak sustatuko dituzten berrikuntza politikak; iv) nazioarteko politika ekonomikoak, barneko lan -eta gizarte- estandar altuak mantentzea erraztuko dutenak. Erpin horien arteko loturak epe luzerako informazio estrategikoa trukatzeko eta gobernuen eta enpresen arteko lankidetza ahalbidetzeko arauketa eta gobernantza eredua eskatzen ditu.

Ikuspegi horrek bide emankorra irekitzen du, politika industrialen eta gizarteratzeko politiken arteko bereizketa zorrotza gainditzeko.