GARA Euskal Herriko egunkaria

Argi-oilarra


Neguaren atarian, pozak izozten direnean» kantatuz ekin diot egunari mendiko toki laiotzei begira. «Azken udazken» kantua, ia ahantzia dudana. Ahantzi ezin dudana Mikel Laboaren «Galderak» da, «Esadan zoriontsuak al zarete mugaz bestaldeko biztanleak». Bestaldean zein dagoen pentsatu beharrak dakarkit, agian, ni naizen ala zu zauden, Atxagak nori idatzi ote zion hori.

«Eta ez al dira biltzen tximeletak kolore horiko karrankaletan? Neguan ere ez?», galdera honi erantzun ezinik ibili naiz urte luzeetan, ez baitut oraino jakin «karrankaletan» hitzaren erranahia, eta honaino ailegatuta, nik eman diodan zentzuari eusten jarraitzea nahiago.

Zuhaitz sakabanatuak, hostorik gabeak gehienak, eta lurra haiek jasotzeko, hori ikusi dut mendiko toki laiotzei begira.

Urte honetan ere denok galdu dugu norbait ondotik, metafora horretan pentsatu dut zuhaitzek erran nahi didatena. Eta argi-oilar bat hegaka, zabalduz eta itxiz hegoak, hauxe bai arraroa, anitz ez dakit hari buruz, baina negua ez duela hemen pasatzen bai, hori badakit.

Gure aitak, ttipiak ginela, erran zigun txori ederra zela moko luze gandorduna, baina habia simaurrez beteta zeukala, usain txarra harrapariek ere nabarmentzen zutela eta horrek bizia salbatzen ziola berari eta bereei.

Kontua ez da bizitza salbatzea, ordea, zerbait gehiago dela uste dut, eta hori 2024an ikusiko dugula.