21 DéC. 2023 AZKEN PUNTUA Estatu auzia Aitziber Pz. KARKAMO Kazetaria Israel bombardea hospitales» pintada egin dute Iruñeko ospitale publikoaren fatxadan. Ostiralean ikusi nuen, zentrora joateko 4. Villavesaren zain nengoela. Jakina da hemen, autobusa beharrean, Villavesa esaten zaiola garraio publikoari eta, lagun batek dionez, «beti deituko zaiola horrela, gauzak batzuk ez direlako sekula aldatuko». Baina asko ari da Nafarroako hiriburua aldatzen. Hiri erdigunerako bidaian, egunotan albiste izan den estatuatik igaro da autobusa. “Monumento a la familia” izeneko artelana kentzeko deia egin dute hainbat kolektibo LGTBI+ eta feministek. Bere garaian, Estatu mailan sexu bereko lagunen arteko ezkontza eskubidea legeztatze bidean, UPNri egoki iruditu zitzaion familia heteropatriarkalaren omenezko artelan bat jartzea. Baina Estatua aldatzen ari den bezala, estatua berriak ere jarri behar dira. Iruñea, Nafarroa bezala, asko ari da aldatzen, orain arte boterearen jabedun izan diren horiek ikusi nahi ez badute ere. Eskuinari boterearen ideia frankismo garaitik datorkio, irabazi ala galdu, instituzioak eurenak direnaren uste irmoa baitute. Baina ez. Iruñea eta Nafarroa asko ari dira aldatzen. Hormetan izkiriatzen diren salaketen alde egiteko unea iritsi da. Bada garaia berriz ospitale publikoen aldeko politikak egiteko, eta bada garaia Estaturik gabeko nazioen alde jarduteko, dela gurean, dela Palestinan.