GARA Euskal Herriko egunkaria
[ ARANTXA GURMENDI ]

Kulturgintzatik Lilatoira, Hortentsiren azaletik pasatuta

(Jon URBE | FOKU)

Arantxa Gurmendi aktore donostiarra hil zen atzo, 79 urte zituela. ‘‘Goenkale’’ telesaileko Hortentsiren paperarengatik ezaguna denari, alzheimerra diagnostikatu zioten 2010ean.

Donostiako alde zaharrean jaiota, Elbira Zipitria izan zuen irakasle. Kulturgintzan murgilduta eman du bizitza. Ez Dok Amairu mugimenduan ibili zen, neba-arrebekin musika taldea osatu zuen eta «Zeruko Argian» zutabeak idatzi zituen. Hori dena Bordelera joan aurretik, Antton Elosegi bikotea errefuxiatu behar izan zelako. Itzultzerakoan, Franco hilda, aktore ikasketak hasi zituen. Askok gogoratuko duten Hortentsiren pertsonaiaz gain, antzerkian asko ibili zen Gurmendi, eta RTVEko ‘‘Cuéntame’’ telesailean ere parte hartu zuen.

ALZHEIMERRAREN GAITZA

Gaixotasunari buruz hitz egin zuen 2021ean Euskadi Irratian eskainitako elkarrizketan. «Oso gogorra da memoria eta burua galtzen ari zarela jakitea», azaldu zuen. Mendekotasunari buruz ere aritu zen hitzordu hartan: «Oso gogorra egiten zait independentzia galtzea eta norbaiten laguntza behar izatea. Oso aktiboa naiz, eta bat-batean konturatzea ezin duzula zerbait egin, norbait behar duzula laguntzeko... oso gogorra da».

Aktiboa izan zenik ezin uka. Bizitzan egindakoen artean dago Lilatoia ere. Ez korrika egitea, hitzordua sortzea baizik. Donostian urtero egiten den emakumeen lasterketaren sustatzaile nagusietako bat ere izan zen Gurmendi. 1990ean izan zen hori, hiriko emakume asanbladak, Irlandako ereduari jarraituta, kaleak hartu eta ikusgarritasuna lortzeko ekimena martxan jarri zuenean. 160 korrikalari izan ziren urte hartan parte hartu zutenak. Iaz, berriz, 5.014 izan ziren.