GARA Euskal Herriko egunkaria
ERREMONTEA

Urriza eta Azpiroz nagusitu dira finalerdi gogorrean


Javi Urriza eta Xabier Azpiroz izango dira Ansa II.a eta Martirenaren aurkariak datorren larunbatean Erremonteko Binakako Txapelketako finalean. Bi nafarrek ez zioten hasiera ona eman lehiaketari, baina hobetzen joan dira asteak igaro ahala, eta moralez beteta iritsiko dira txapelen borrokara.

Aldabe eta Barrenetxearen kontrako finalerdia oso gogorra izan zen, ia ordu eta erdikoa, eta lehen bi jokoak oso parekatuak izan ziren. Aurrenekoan gorriak izan ziren abantaila hartu zutenak. Urrizak ongi mugitu zuen pilota eta bost tantoko tartea ireki zuten 9-4an.

Baina Aldabe eta Barrenetxea ez zeuden amore emateko, eta, lanari esker, emaitza parekatzea lortu zuten. Atzelari hernaniarrak sekulako defentsa erakutsi zuen tanto askotan, eta konfiantza gehiegirekin jokatu ez arren, Aldabek ere sinatu ditu tanto ederrak. Azkenean, Urriza izan zen pilota bikain moztuta jokoa gorrien alde erabaki zuena (15-14).

Bigarren jokoan hobeto sartu ziren urdinak. Kemen Aldabek urduritasunak ahaztu zituen eta tanto sorta bikaina amaitu zuen aurrean. Atzetik ederki lagundu zion Barrenetxeak, eta hasiera-hasieratik hartu zuten abantaila markagailuan, amaieran 11-15 gailentzeko.

Bi joko horiek ikusita, ikusmina zegoen Galarretan hirugarren eta azken seterako, baina, zoritxarrez, hor ez zen kolorerik egon. Hasieratik Javi Urrizak argi utzi nahi izan zuen berak erabaki behar zuela dema, eta baita lortu ere. Mota guztietako tantoak sinatuz, 8-1 gailendu ziren gorriak.