GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Oroitzen naiz


Hainbeste zarata dago egun hauetan hor kanpoan -Gabonak, Iruñekoa, Caputok Argentina eraisteko jakinarazitako neurriak, PISA ebaluazioaren analisi interesatu eta zorrotzak... Pirinioetako elur artifizialen -ez gaude burutik sano- kanoien dunbotsak eta argien, zuhaitzen, irainen eta demagogiaren gerra horren abarrotsak neure baitan itxiarazten naute.

Gero eta sarriago galdetzen diot neure buruari ea zertan gabiltzan, ea zer -demontre- garen. «Irakurri ditugun liburuak gara, amestu ditugun ametsak eta maite izan ditugun pertsonak. Hori gara». Edo hori behintzat da Googlek erantzuten diguna bere leihatilan «somos lo…» tekleatzen baldin badugu. Oso esaldi ederra bada ere, nik esango nuke, batez ere, oroitzapenez eginda gaudela; oroitzapenak, memoriak eraiki gaituela. Izan ere, gogoratzen dugunak baino hobeto ezerk ez gaitu deskribatzen; ezerk ez gaitu iraganeko irudiek, ispilu hautsi horiek -Borgesek deitzen zituen legez- baino hobeto islatzen, berriro -modu kaotikoan- bistaratzen ditugun uneak, objektuak. Jende oso gutxik, esate baterako, egin du «multikopia» bat. Nire ikasleei «papel carbón» zertarako erabiltzen zen azaltzen diedanean, flipatu egiten dute. Oroitzapenek -eta «porsiakasoek»- hartzen dute lekurik handiena gure motxilan, gure maletan.

Joe Brainardek 1970ean idatzi zuen “I Remember”, memoria zatikatuak osatzen dituzten oroitzapenen zerrenda. Geroago, George Perec ere eredu horretatik abiatuko da Brainardi eskainiko dion “Gogoratzen naiz” bere lana idazteko. Horrela, ariketa hori memoriaren garapen gisa sendotzen dute, literatur sorkuntzaren funtsezko iturri gisa. Klasean behin baino gehiagotan ikasleei proposatzen diedan narrazio ariketa oso ona da, eta horren adibide bikainak ditugu. Muñoz Molina aipa dezakegu («Gogoan dut nire aitonak, aretoko erlojuari giltza eman ondoren, giltza poltsikoan gordetzen zuela, denboraren administratzailea balitz bezala»).

Ni neu saiatuko naiz… Gogoratzen dut matxinsalto bat ikusi nuen lehenengo aldia, nire etxean batzen genituen Starluxeko puntuak. Gogoratzen ditut nire aititeren panazko praka beltzak. Oroitzen naiz udarako goiz batetan zeharkatu nuen ekilore zelai batez. Gogoan dut, ezkutaketan jolasten genuenean, 120ra arte kontatzeko kokatzen ginen zuhaitzaren azalaren zakartasuna. Gogoratzen ditut Franco Belgako trena eta zapaburuz beteriko kristalezko ontzi bat.

Gogoratzen dut -de esta su hija que lo es- nire amaren kaligrafia, Jabatoren komiki batzuk. Gogoratzen dut urritik otsailera arteko etenbako zirimiria, txikitan orpoetan nabaritzen nuen mina; «crecederas» amamak deitzen zuena; EGBko lauzpabost klasekideon izenak, EGBko bizpahiru maisuen izenak, soldaduskako hogeiren baten abizenak, telebistako “Carta de Ajuste”, eta behin eta berriz urik edota argi indarrik gabe geratzen ginela etxean.

Hori bai, Woody Allenen “Otra mujer” filmeko pertsonaia baten zalantza berbera daukat: ea oroitzapen bat daukagun zer edo zer den, edo, aitzitik, betiko galdu dugun zerbait... Hainbeste zarata dago egun hauetan...

Kanpoan zein barruan, bai.