GARA Euskal Herriko egunkaria
PILOTA

Unai Laso hasi da Ezkurdia hartu ezinik dabilen konfiantza berreskuratzen

Aurkariek oso gutxi behartuta, aspaldiko partidarik erosoena eta biribilena jokatu zuen Bizkarreta-Gerendaingoak 1.100 zale bildu zituen Astelenako partidan. Sailkapenean harrapatu dituzte lehiakortasunik gabe aritu ziren arbizuarra eta Tolosa.

Txapelketako partidarik osoena eta biribilena jokatu zuen Unai Lasok. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Fisikoaz harago, aldarteak ere sekulako garrantzia du esku pilota profesionalean, are gehiago Binakakoa bezalako txapelketa luze batean. Astelenako Eguberri eguneko partidak argi utzi zuen, Unai Laso pixkanaka bere konfiantzaren depositua betetzen ari den bitartean, Joseba Ezkurdiak berea bete ezinik dabilela azkenaldi luze honetan. Iazko Lau eta Erdiko txapela jantzi zuenetik arbizuarraren bertsiorik onena ikusi ezinik jarraitzen dugu. Atzo, tarteka ale oso ederrak utzi zituen arren, apenas estutu zuen Bizkarreta-Gerendaingoa, eta honek aukera baliatu zuen, itzuli zenetik osatutako partidarik biribilena egiteko, denera 10 tanto amaitu eta apenas bi pilota galduta.

«Amorratuta noa etxera. Hasieratik gaizki aritu naiz, sentsazio txarrekin. Opari asko egin ditugu. Konfiantza erabat galdu dut nik. Gero nahi nuen nik, laguntzea, saiatzea... baina ez diet bueltarik eman nire sentsazioei. Arratsalde okerra izan da hasieratik, eta pena handiarekin, inpotentzia puntua, amorrazioa eta dena», adierazi zuen, zintzo, arbizuarrak partida amaitutakoan.

Atzean Xabi Tolosak partida hasiera oso itxaropentsua osatu bazuen ere, batez ere ezkerrez pilota ondo atzeratuz, aurrean behar bezalako laguntzarik gabe, pixkanaka behetik gora egin zuen Aranguren baten mendean izan zen bukaeran, etsita eta eskuineko belaunean kolpe handi samar bat hartuta.

Partidaren giltza, ordea, aurreko koadroetan izan zen, Unai Laso Joseba Ezkurdia baino gehiago izan baitzen, egindakoetan eta baita galdutakoetan ere. Normalean arbizuarrarekin horren fidagarria izaten den ezker gantxoaren termometroak ere ez zuen atzo funtzionatu, Aspeko bikotearen lehen hiru tantoetatik bi gisa honetan lortu zituen arren, berehala amildu ziren-eta, euren burua markagailuan atzetik ikusi zutenean.

Kontua da, partidaren lehen erdi horretan Lasok eta Arangurenek ere ez zutela beste munduko ezer egin beharrik izan partida euren aldera eramateko. Esate baterako, lau tanto baino ez zituzten bukatu behar izan Baikokoek, 10-4 aurreratzeko, Ezkurdiak huts egindako sei pilotekin.

Erasoan baino, defentsan batere sendotasunik gabe aritu zen arbizuarra tarte horretan, misterio handirik gabeko pilotak eraman gabe utzita eta bere buruarengan konfiantza osoa errotik galduta. Azken bi partidak garrantzi handikoak ziren bikotearentzat Arrasate eta Eibarren, printzipioz euren ligako bi bikoteren aurka, eta Uarkapen, oso atzetik hasita, Artola eta Imaz estutzera heldu baziren, atzo amore eman zuten erraz antzean, arerioak bultzatzeko inolako ahalmenik gabe. Partida osoan lehenengo atsedenaldiaren aurretik baino ez zituzten bi tanto segidan egin, eta horrela ezinezkoa da puntuak batzea.

ERANTZUNIK GABE

Bigarren erdian etsiak goitik behera hartu zituen Ezkurdia eta Tolosa, nahiz eta tarteka, 15-8koan oinak lauaren gainean zituela jotako boleatzarra bezalako ale ederrak utzi arbizuarrak, eta txapelketa osoan zehar asko sufritu behar izan duten Laso eta Aranguren asko hazi ziren. Donostian Altunak zabalean kilimak bilatu bazizkion, atzo gorriek oso gutxi estutu zituzten.

Bizkarreta-Gerendaingoak, molestiak molestia, ez zion gutxitan izango duen halako aukerari ihes egiten utzi bere egindako tantoen zakua betez. Sake luzeekin, sake-errematean oso eraginkor aritu zen aurrelari nafarra; denera zazpi tanto amaitu zituen airez eta etxera gustura joateko moduan zen, aspaldiko partidarik eroso eta biribilena jokatuta.

Txanpon beraren beste aurpegia ziren, ordea, Joseba Ezkurdia eta Xabi Tolosa eta euren buruarekin oso kritiko agertu zen sakandarra. «Izorratuta eta burumakur goaz, baina buelta ematen saiatuko gara. Lau egun ditugu buelta emateko. Ea sentsazioak berreskuratzen ditugun eta gutxienez lehiakorrak izan gaitezkeen, zeren galtzen ari garen partidetan ez gara batere lehiakorrak izaten ari. Hasieran ihes egiten digute eta horri buelta ematen zaila da. Hasiera horiek zuzendu beharra dugu, bai edo bai; beste modu batera hasi, ez dakit nola, baina bai Xabik eta bi nik beste itxura bat eman beharra daukagu».