GARA Euskal Herriko egunkaria
JOPUNTUA

«Egun on!»


Ikasle garaian bat baino gehiago izan ditut, lau uste dut, eta gizonak guztiak. Umorez eta eskuzabaltasunez aritu dira egun batzuetan, eta lehorrago eta euren lana noraino iristen den behin eta berriz gogorarazita, beste batzuetan, segun eta umorea. Etxekoak eta bidean topatutako lagunak kenduta, haiek ziren ia egunero ikusten genituen lehen pertsonak, agurtzen gintuztenak: «Egun on!» edota «¡Buenos días!». Seguruenik, isilpeko lan handia eginagatik ere, behar besteko errekonozimendutik ez zuten jaso; gogoratu, ordea, uste dut guztiak gogoratzen ditugula, han edo hemen, beti zeudelako.

Epaile batek erabaki du orain haien izana zalantzan jartzea, euskara aitzakia hartuta, gainera. Erandion euskara «gutxiengoaren hizkuntza» dela argudiatu du atezain batek, euskara jakin beharrik ez duela ondorioztatzeko eta, beraz, atezain lanpostuetako batean euskara eskakizunik ez izatea eskatu zuen langile bati arrazoia eman dio. Atzean mamia badago, antza urte asko zeramatzan-eta postu horretan egonkortasunik lortu gabe eta euskaldundu gabe.

Egurrezko zein metalezko ateak irekitzeaz gainera, bestelako ateak ere zabaltzen dituzte, ordea, atezainek. Eurena da, kasu askotan, inora sartu eta entzuten den lehen ahotsa; beraz, edozein dela ere zaintzen duten eremua, euskarari ateak zabaldu eta bidea erakusten dieten pertsonak ere badira, edo izan beharko lukete behinik behin. Inora sartu eta desberdin da «Egun on!» edo «¡Buenos días!» entzutea edota agurraren ondoko hitzak euskaraz edo gaztelaniaz jasotzea; eta bestela ere euskaraz aritzen ez diren eta entzuten ez duten nahikoa mediku kontsulta edota udal zerbitzu baditugu.

Amaitzear dagoen urtean zapore askotariko albisteak izan dira euskarari lotuak; batzuk biharko egunean oihartzuna beharko lukete, inuzente egunean sinesgarriagoak diren argudio eta hitzak entzun direlako; lehen ez zuten tokietan euskarari atea zabaldu zaiolako ere gogoangarria izango da 2023 hau; oraindik, ordea, zaintzen eta bideak zabaltzen segitu beharra dago.