GARA Euskal Herriko egunkaria

Ez da txantxa, ospa daiteke txupinazoa negu gorrian

Ziria zela pentsatzeko egun aproposa zen, baina benetan gertatu zen. Atzo, abenduaren 28 batean, txupinazoa ospatu zen Iruñean, baita «Gaixoa ni» ere. Ezker independentistak eta UPNko militanteek udaletxe plaza partekatu zuten liskarrik gabe. Eta orotan zailena, PSNk EH Bilduko Joseba Asiron alkate egin zuen.

Lehenengo orrialdean, udal gobernu berria, plazan. Alboan, udaletxe aurrean bildu zen jendetzaren irudia. Eta goian, Joseba Asiron alkatea, jendea agurtzen. (Eduardo SANZ | Iñigo URIZ)

Masa orok kurbatzen du, asko edo gutxi, espazio-denbora. Joseba Asironek atzo Iruñeko aginte makilak hainbesteraino tolestu zituen bi parametro horiek, abenduaren 28 batera ekarri baitzuen uztailaren 6ko txupinazoa. Ez hori bakarrik; istant berean, metro karratu bertsuetan, sanferminen bukaerako “Gaixoa ni” bizi izan zuten beste batzuek.

Intentsitate handiko goiza izan zen atzokoa Udaletxe plazan, elektrikoa. 11.30erako zegoen egina deialdia, eta 12.00etarako deiturik osoko bilkura, baina enparantza jendez lepo zegoen 11.00etarako.

Goiz mugitu behar izan zuten denek, aldekoek eta kontrakoek, lekua hartzeko. Kontzentrazioa egiteko mozioaren aldeko deialdia izan arren, atzo plazak hiriko erradiografia politikoa eskaini zuelako, neurri batean. Espazio publikoarengatik lehia isil bat bizi izan zen tarteka, pozak arazorik gabe irabazi zuena. Txarangak, dultzainek eta matematika hutsak -askoz gehiago ziren mozioaren aldekoak- balantza erabaki zuten.

Lehenengo lerroan, argazkilariak eta zentsura mozioaren aldekoak, ez soilik ezker independentistakoak. Izkina batean, hala ere, UPNko taldetxo batek tokia egin zuen, Ana Elizalde eta Juan Luis Sanchez de Muniain buruzagiak barne. Bezperan Cristina Ibarrolak ate nagusitik irten nahi zuela esana utzi zuen, eta, irteera hori duintzearren, Asironen zaleen ospakizun guztia irentsi zuten estoikoki UPNko hamar bat kidek, “Gaixoa ni” intimo batean bilduta. Hori ere bada militantzia.

Burgoetako plazaren izkinan, Junta Democratica izeneko gauza bateko lau pertsonak urrezko minutua bilatu zuten, beste dimentsio kosmiko bateko pankarta batekin: «44 años de partitocracia sin democracia, yo no voto».

Plazaren beste izkinan, kale Berriaren amaieran, 30-40 eskuindar bildu ziren, Polizia espainolak babestuta. Ozen eta oldarkor, plazako festa giroa zapuzten saiatu ziren «Otegi es un etarra» eta «ETA fuera» bezalako oihuekin, baina ezer gutxi ahal izan zuten plazan nagusi ziren «Agur, UPN, agur, agur» edo «Asiron, urte berri on» leloekin.

ITXARONALDI LUZEAREN ONDOREN, EZTANDA

Luze joan zen itxaronaldia, une batzuetan isiltasunaren antzeko zerbait nabaritzeraino. Ez zuen asko iraun, ordea. Abesti eta kantu artean, tarteka zurrumurrua zabaltzen zen: «Orain aterako da, kamerak udaletxera begira jarri dira». Laugarrenean edo bosgarrenean, azkenik, egia izan zen. Uztailaren 6 eguzkitsu bat izanen balitz bezala, udal gobernu berria balkoira irten zenean, plazak eztanda egin zuen, txupinazoaren indarrarekin eta dultzaineroek plaza osoa saltoka jartzen duten intentsitatearekin.

Bermut egarriak plaza apur bat hustu zuen, balkoiko klimaxaren ondoren. Ospatzeko ordua zen, eta festa Alde Zahar guztian hedatzen hasi zen. Ehunka lagunek udaletxe aurrean jarraitu zuten, ordea, beste zurrumurru bat zabaltzen hasi baitzen: «Baietz, Asiron jaitsiko dela gero».

Kostatu zitzaion, hedabideen aurrean denek adierazpenak egin nahi izan zituztelako, baina itxaronaldiak saria izan zuen, alkate berriak bat egin baitzuen plazako jendearekin, ordu biak pasatutakoan.

Aurretik, gainerako alderdiak irten ziren udaletxetik. Lehenik, UPNkoak, zale gutxi batzuk zain zituztela. Minutu batean plazatik kanpo zeuden, atzokoa inozenteen egunaren txantxa baino ez zela sinistu nahian. PP bakarrik atera zen, inor zain ez zuela. Eta PSNk txalo xume batzuen artean zeharkatu zuen plaza, txalotuen eta txalotzaileen harridurarako. Garai berriak datoz hiri buruzagian.