GARA Euskal Herriko egunkaria

Mugaz gaindiko eremuan bizi direnen bizi-kalitatea helburu

Europar Batzordeak egitura berria sortu du, diru-funtsak bideratzeko «eremu funtzionala» zehazten duena. Mugaz gaindiko eskualdetan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzeko xedearekin, tresna hori eskuetan, proiektu deialdia jarri du martxan berriki euroeskualdeak.

Txirrindulari bat, Behobiako zubia zeharkatzen. uillaume (G FAUVEAU)

Mugaz gaindiko eremuan bizi diren herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta esparru horretan dauden bizi-arroen inguruko lankidetza antolatzeko xedearekin, 14,8 milioi euroko finantza-tresna berri bat abian jarri du euroeskualdeak.

Egitasmoa abenduan aurkeztu zuen EAE, Nafarroa, eta Akitania Berria (Ipar Euskal Herria barne hartzen du) lotzen dituen egiturak eta ondoko hilabeteetan jarriko da martxan. Jada euroeskualdeak hiru lan-ardatz zehaztu ditu proiektu-deialdi horretara begira: eleaniztasuna, enplegua eta mugikortasuna.

Europar Batzordeak europar diru-funtsak lurralderatzeko sortu duen izendapen berria baliatuko du euroeskualdeak. Errealitate administratiboen gainetik, «eremu funtzionala» zehazten du Bruselak baliabideak banatzeko. Eremu hori «Europako proiektua herritarrei hurbiltzeko» nahikeriaren adierazlea litzateke. Era berean, herritarren arteko harremanak errotzeko tresna bilaka daitekeelakoan da euroeskualdea.

EAE, Nafarroa eta Akitania-Berriko hegoaldeko lurraldeak Mendebaldeko Eremu Funtzionalaren barruan kokatu ditu Bruselak, eta izendapen berri horri esker mugaz gaindiko hainbat lankidetza-proiektu diruztatu ahalko dira.

FUNTZIO KOORDINATZAILEA

Euroeskualdeak Mendebaldeko Eremu Funtzional horren garapenari begira koordinatzaile gisa jardungo du.

Ondoko urteetan enpleguaren, mugikortasunaren eta eleaniztasunaren domeinuetan lehentasunak finkatu eta mugaz gaindiko eremuan bizi diren pertsonen «eguneroko arazoei modu eraginkorragoan aurre egiteko» helburua zehaztu du euroeskualdeak.

Proiektu egituratzaileak sustatu nahi ditu aipaturiko egiturak, finean mugaz gaindiko eremuan dauden desplazamendu edo komunikazio erronkek erantzun iraunkorra eskatzen dutelako.

«Arazo horiei lurralde-ikuspegi integratu, berritzaile eta multitematiko batetik heldu behar» zaiela defendatu dute egitasmoen kudeaketari begira www.afomef.eu webgunea sarean eman duten euroeskualdeko arduradunek.