GARA Euskal Herriko egunkaria

Musikaren eboluzioak


Musikaren eboluzio edo bilakaeraren inguruan bi artikulu-elkarrizketa irakurri ditut abenduan. Inaxio Esnaola Aranzadik, “Entzun” aldizkarian (71, 2023), “Berrogeialdia” iritzi-artikuluan “musikaren eboluzio naturalaz” dihardu, bilakaeraz. Eboluzioa aldaketaren sinonimoa da, eta Euskaltzaindiaren hiztegiak zera dio: “Bilakaera, bereziki espezieek belaunaldiz belaunaldi egiten dutena. Aldaketaren bilakaera”.

Aldaketak denboran zehar ematen diren ekintzak dira. Belaunaldien arteko talka ez da adinen arteko talka, izatekotan jarreren talka da. Eta jarrerek ez dute zerikusirik eboluzio naturalarekin. Adinarekin zahartu egiten gara; ideiak ez dira zahartzen, ezta abestiak ere. Ideien eta jarreren aldaketa eman daiteke, baina horrek ez du zerikusirik eboluzio naturalarekin.

Esnaolari galdetu baino gehiago epaitu egiten dute aurreiritzi atzerakoiekin: «Oraindik heavya al zara» esaldi bortxatzailearekin. Ez da osasun kontua, ezta berrogeialdia ere.

Joseba Martin musika kazetariak (“La jungla sonora”, Radio Euskadi) zera esan du: «Ni ez naiz bilakaera izan duen rockzale bat: beti izan dut oso ikuspegi zabala». Ez dut sinesten bilakaera edo eboluzio naturalean musika arloan. Eman edo gerta daitekeena zera da beti: iritzi, gustu edo jarrera aldaketa. Besterik ez, eta berrogeialdik gabe, noski.