GARA Euskal Herriko egunkaria
EUROLIGA

Saski Baskoniak Bartzelonan Euroligako sailkapenean gorantz jauzi egin nahi du

Gasteiztarrak sailkapenean hamaikagarrenak dira, beste zazpi talderekin 10-8 balantzearekin berdinduta, jardunaldia hastean. Barçaren aurka duela bi aste 20 puntugatik galdu zuten, baina Panathinaikosen aurka ikasitako lezioa baliatu nahi lukete orain.

Codi Miller-McIntyre izan zen asteazkenean Saski Baskoniari garaipena eman zion azken saskiratzearen egilea. (Endika PORTILLO | FOKU)

«Ezin dut esan talde moduan jokatzen dugunean garaiezinak garenik. Baina garbi geratu da partida honetan irabazteko aukerak borrokan jarraitzetik eta talde moduan aritzetik datozela». Horra Dusko Ivanovicen hitzak Panathinaikosi 75-73 irabazi ostean, hirugarren laurdenean 31-48 galtzen joan arren.

«Aurreneko erdian ez dugu talde itxurarik eman. Ez dugu behar bezala baloirik mugitu, ezta unean uneko jaurtiketarik egokiena bilatu ere. Hortik etorri da aldaketarik handiena atsedenaldiaz geroztik. Orduan bai, orduan talde batek jokatu behar duen moduan jokatzen hasi gara: baloia zegokion lekuan jartzen, tokatzen ziren jaurtiketak egiten eta amore eman gabe. Horrela jokatuta ere, galtzea toka liteke, baina bigarren zatian jokatu dugun moduan jokatzen jarraitzen badugu, kasu horretan beti izango dugu irabazteko aukera bat. Are gehiago, talde moduan jokatzen dugunean oso zaila da guri irabaztea», azpimarratu zuen Montenegrokoak.

Duela bi aste, aldiz, 82-62 nagusitu zen Bartzelona, Baskoniaren gaurko aurkaria, gasteiztarren aurka, ACB Ligako partidan. Bigarren laurdenetik aurrera «talde jokoari muzin egitea» egotzi zion Dusko Ivanovicek bere taldeari.

Panathinaikosi irabazita, berriz, Chima Monekek taldeak duen fedea zuen hizpide. «Euroliga da munduko lehiaketarik gogorrena eta halako garaipen bat lortzea zirraragarria da benetan. Entzun jendearen berotasuna! Gogorra izan da, baina gugan sinisten dugulako, hemen gaude!», bota zuen.

Eta irabazi arren, ezin oraindik aurrera egin Euroligako sailkapen nagusian, aizue! A zer nolako itolarria hamar garaipen dituztenen artean! Real Madril, Virtus, Bartzelona eta Maccabi dira aurreneko lau sailkatuak, eta handik aurrera, hasi Panathinaikosen bosgarren postutik eta Saski Baskoniaren hamaikagarreneraino, denek 10-8 balantzea aldean dutela ekingo diote jardunaldiari.

Panathinaikosen atzetik eta gasteiztarren aurretik, Olympiakos, Monako -biak ere arabarren aurkariak datorren astean-, Partizan, Valentzia eta Fenerbahçe. Puntu alde orokorra kontra dauka Saski Baskoniak, baina aurkari bakoitzarekikoak gero eta gehiago axolako du aurrerantzean.

TXIMAK SALBATU EZINIK

Roger Grimau entrenatzaile berriak daraman Bartzelona honek ere irregulartasuna du bidelagun. Bai ACB Ligan bai Euroligan sekulako partidak jokatu ditu tarteka, eta handik egun gutxira goitik behera amildu eta sekulako belarrondokoak ere jaso ditu; Euroligako aurreneko itzulian Gasteizen, adibidez.

Gaur gaueko 20.30era begira, behintzat, lepoa eta tximak momentuz salbatu ditu Roger Grimauk. Azken asteetako emaitza txarren ondotik, kaleko atea irekiko ote zaion hotsak baitabiltza entrenatzaile katalanaren inguruan. Asteazkenean Barçak Real Madril betiko etsaiari 83-78 irabazi zion, eta horrek, Bartzelona Euroligako sailkapeneko hirugarren postuan finkatzeaz gain -12-6 balantzearekin-, Roger Grimauk zuzentzen duen proiektuari arnasa eman dio.

Ongi daki Baskoniaren aurka ez duela fidatzerik. «‘Baskonia izaerak’ azkeneraino borrokatzera bultzatzen ditu gasteiztarrak. Kontuz horrekin. Begiratu bestela Panathinaikosen aurkako partida nola irauli zuten», ohartarazi zuen entrenatzaile katalanak berak neurketa jokatu bezperan.

Bartzelonaren aurka MVP saria lortzea zer den badaki Codi Miller-McIntyrek. «Gure zaleak seigarren jokalaria dira. Horri esker eman diogu buelta partida honi», esan zuen asteazkeneko neurketaren ostean. «Orain Bartzelona tokatzen da, baina ezin dut itxaron berriro etxeko epeltasuna sentitzeko», gaineratu zuen.