GARA Euskal Herriko egunkaria
KOLABORAZIOA

Patagoniako gereziak


Astelehena. Auzoko fruta dendako erakusleihoan gereziak ikusi ditut. Fruta hori beti mirarizkoa iruditu zait, bereziki haurtzaroan. Are gehiago gaur, urtarrileko arratsalde euritsu honetan. Kartel txiki batek dio gerezi horiek Patagoniatik datozela. Azaldu nahi digu, agian, beherago zehazten den salneurria: 14,99 euro. Fruta saltzaileak beti argudia dezake beraien jatorria prezioa justifikatzeko, ozeano bat zeharkatu dutela kale horretaraino heltzeko, beste hemisferiotik datozela. Hego Konotik ekarri ditugula.

Nahi nukeen sartu eta galdetu ea zer esan nahi duen beheragoko zentimo horrek; zergatik ez 15... 15, zalantzarik gabe, irmoegia, biribilegia da. 14,99 da, oraindik, 14. Ez, ez zara 15era iritsi. Garestia da baina oraindik ez da hainbesterako.

Asteartea. Gaurko “First Dates” telesaioan Madrilgo neska batek dio ez lukeela bigarren hitzordu bat izango afariko mutilarekin. «Jatorra eta erakargarria zara, baina zerbait faltan bota izan dut, kimika pitin bat», azaldu die bikotekideari eta kamarari. Gereziei bezala, zentimo bat.

Asteazkena. Hogeigarren aldiz ikusi dut telebistan nola urkatzen eta jipoitzen duten Pedro Sanchezen antza duen panpin erraldoi bat. Diotenez, gorabehera horrek xehetasun baten bat ez du betetzen, gorroto delitutzat hartzeko. Nahiz eta kontrakoa iruditu, istilu horri ere zentimo bat falta zaio.

Osteguna. Gauza handirik ez. Metroan noalarik, «Lo que me faltaba...», dio, mobilarekin trasteatu ostean, nire alboko emakume batek. «Lo que me faltaba», xuxurlatu du telefonoa patrikara itzultzen.

Ostirala. «Nire auzoko fruta dendan gereziak saltzen dira», esan diet, holan, boteprontoan, kuadrillakoei, poteatzen geundelarik, Mbapperi buruzko beraien solasaldia eteten. Nahasturik, flipaturik begiratu didate; bai, beti falta izan da zerbait haiekin dudan harremanean. Altsi bat, zentimo bat edo batzuk. Berbaldiak espero ez genuen norabide berri bat hartu du. Ea Patagonia Txile edo Argentina den, ea nola sentituko ginatekeen holango gerezi bat, bere konfort zonatik, bere eremutik ateratakoa izatekotan. Ea Portugaleten non erosi papaya, mango eta txirimoiak...

«Baina, zentimoarena», azpimarratu diet. «Zentimo horrena?», galdetu diet, inguru-minguru zebiltzala ikusita.

Larunbata. Gaurko horoskopoak Ariesi pazientzia inar bat gehiago gomendatzen dio; Virgori zuhurtzia tanta bat gehiago. Bazkariko arrainari gatza falta zaio. Apur bat.

Pablo Fernandez, Podemosen bozeramaileak ziurtatu du −«rotundamente»− Sumartik ateratzea ezin dela «transfuguismoa» deitu. Nahiz eta Ernest Urtasuni «de manual» iruditu, irtete hori ez da 15era heltzen. Gutxigatik baina... Behin baino gehiagotan ez dugu hauxe edo bestea argudiatzen, besteak konbentzitzeko, geure burua konbentzitzeko, lasaitzeko, justifikatzeko baizik.

Igandea. «Gazako gerra genozidio bihurtzear dago», dio elkarrizketa batean Pedro Arrojok, NBEko kontalari bereziak. Noizean behin abizenak −Arrojo− oso esanguratsuak dira, pistak ematen dizkigute. Arrojok erregea biluzik dagoela esateko lotsagabekeria, atrebentzia izan du. Diotenez, sarraski horrek detailetxoren bat ez du betetzen, genozidio deitzeko. Nahiz eta agerian egon, gatazka horri ere hein bat falta zaio.

«Gure auzoko fruta dendan gereziak saltzen dira», esan diot, holan, ustekabean, emazteari, Gabonetako zuhaitza kentzen genbitzalarik. Ez dit kasu handirik egin. «Patagoniatik omen datoz...».

Behin baino sarriagotan errealitateari −Epstein zerrendari, Oscar Pistoriusen kasuari esate baterako− apur bat baino ez zaio falta, fikzio bilakatzeko; maiz fikzioari −urtarrileko gereziei, kutxa batean gordetzen dugun arbola horri, adibidez− zentimo bat besterik ez zaio falta, errealitate bihurtzeko, hamabostera heltzeko.

En fin.