GARA Euskal Herriko egunkaria
ZORROZTARRIA

Egutegia, adierazle!


Ordezkatu egin dut sukaldeko hormako egutegia, iazkoa kendu aurtengoa eskegi. Aurreko iltzea aprobetxatu dut, ekonomia zirkularra gogoan! Total, di-da batean horma kolorez dut aldatu, nork eta diseinuaz ideiarik ez duen neronek! Egutegi berria hortxe, datorrenaren abisu eta egiteko dudanaren testigu. Ahaltasuna eta ezinkeria egunero nahasten diren oroigarri. Hori bai, aurtengoan ere hil bakoitzak bertsoak lagun. Urtarrila da ageri zenbakien gainean, eta ondoan ilbeltza. Tira, aurrerabidea esaten diogun atzerabide mundu honetan hil guztiak bilakatu dira hil beltz, ilargiaren itxuraz aparte, zibilizazio guztien egutegietan bilakatu ere, urtea zein egunetan hasten duten ardura ez duela. Kapaz izango bagina sikiera 2024 honek eskaintzen digun denboran, eta bakoitzak bere espazioan, indarrean diren hainbat zibilizazio betiko desagertzeko zorian uzteko! Horretara dator egutegi berria, kontzientzietan akuilu!

Eta sasoiko nagiak behingoz atzean utzita… banoa normalkeria eguneraturantz; ezkor joan, baina ezkor aktibo, demonio! Hankatarteraino nagoelako baikor pasiboekin! Bada hori, tasuna eta keria uztartuta… egutegi hobea osatu nahian, artefaktuz artekatu. Gogotik pasatu zait behialako irudi hura, landagune bateko kamino batean itzaina aurretik, makila bizkarrean trabeska, eta atzean, metro eta erdira, idi-uztarria gurditik tiraka. Itzainak, helmugara lehenago heldu nahian, pausoa bizkortu eta aurrera egin zuen, tarte txiki batean behintzat. Segituan, atzera begiratu eta zera, idi parea geldi zegoen, hantxe, berak pausoa arindua zuen leku berean. Atzera egin, metro eta erdira hurbildu, buelta eman eta aurrera egin zuen neurriko abiaduran, eta idiak ere berdin. Helmugak baino garrantzitsuagoa helbideetako abiaduraren neurria den seinale. Eta egutegia horren adierazle.